
“Oso argi nuen hemen geratu nahi nuela”
“Oso argi nuen hemen geratu nahi nuela”
Aurrelari gaztea oso pozik agertu da 2023ra arte kontratua berritu ostean : “poza izugarria izan da”
Ane Azkonak ez du zalantzarik izan Athleticen beste hiru urtez geratzea erabakitzeko. Komunikabideen eta zaleen galderei erantzunez, iruindarrak bere irribarrerik onena erakutsi du prensaurreko birtualean, 2023ko ekainera arte lehoia izango dela jakin ostean. “Athleticekin kontratua berritzea sekulako poza izan da. Duela lau urte iritsi nintzen hona eta beste hiru urtez berritzea poz handia izan da. Egia da hasieran pixka bat kostatzen dela taldean sartzea, baina aurten oso gustura sentitu naiz eta oso pozik nago. Klub honetan gauden guztiok badakigu zein gertukoa den Athletic, eta arlo guztietan eskaintzen dituen erraztasun guztiak. Beti prest dago jokalariari laguntzeko eta hori eskertzekoa da, horregatik da hain berezia gure kluba. Negoziazioak errazak izan dira. Pozik nago nire bizitzarekin eta argi nuen hemen geratu nahi nuela”.
Koronabirusak eragindako konfinamendu egoerari dagokionez, baikorra izaten saiatzen da Ane, eta etxean egotearen alde onari begiratzen dio. “Ni Lezaman bizi naiz, eta orain, denbora asko daukat gurasoekin eta anaiarekin partekatzeko. Egunerokoan nahiko errutina finkoa dut ikasketa eta entrenamenduen artean “. Beste aldetik, kirol arloan, zaila da baikorra izaten: “Oraintxe bertan ez gaude denok batera entrenatzen baina ilusioz gainezka gaude eta lehenbailehen bueltatzeko gogoa dugu. Iristen zaizkigun albisteen zain gaude, baina horrek gizarte osoari eragiten dio. Denok nahi dugu lehenbailehen normaltasunera itzuli, eta krisiak ahalik eta kalte txikienak izatea “.
Aurrelari azkarrak baleta alde batera utzi behar izan zuela aitortu du futbol profesionalean bete-betean aritzeko. “Urte batzuk eman nituen biak uztartzen, baina une batean erabaki beharra izan nuen eta futbol zelaian gehiago gozatzen nuen. Futbolaren alde egin izan ez banu, baletarekin jarraituko nuke”. Etorkizunari begira, hezkuntzaren esparruari lotuta egotea gustatuko litzaioke, gaur egun haurren irakasle izateko ikasketak egiten bait ditu EHUn.
Anek pertsona urduritzat dauka bere burua eta futbolari esker emozioak hobeto kudeatzen ikasten ari dela uste du. Nafarrak eskerrak eman ditu “kontratua berritzeagatik jasotako zorion guztiegatik. Oso pozik nago. Animo handia bidaltzen dizuet geratzen zaizkigun konfinamentu egun guztietarako “.