undefined

Egungo taldeko debutari gazteenak

Egungo taldeko debutari gazteenak

Gaur 2 eta 8 hilabete beteko dira, hurrenez hurren, Vencedorrek eta Sancetek debuta egin zutenetik, lehen taldearekin 20 urte baino gutxiagorekin estreinatu diren sei futbolarietatik bi

Bi eta zortzi hilabete betetzen dira gaur, hurrenez hurren, Vencedorrek eta Sancetek lehen taldearekin eta partida ofizialean debuta egin zutenetik. Errekaldekoa otsailaren 16an estreinatu zen, 19 urte, 3 hilabete eta egun bat zituela, San Mamesen CA Osasunaren aurkako partidan hamaikakoan zelairatu ostean . Sancetek LaLigako lehenengo jardunaldian egin zuen bere debuta, FC Bartzelonaren aurka (abuztuaren 16an) San Mamesen, Oscar de Marcosen ordez zelairatu eta gero. Vencedor eta Sancetez gain, beste lau lehoik -Muniain, Unai Lopez, Villalibre eta Beñat-  20 urte bete aurretik debutatu zuten lehen taldearekin.

Muniain 2009ko uztailaren 30ean estreinatu zen, Europako txapelketan; Young Boysen aurka egin zuen debuta, eta 59. minutuan zelairatu zen Toqueroren ordez. Hilabete bat geroago, abuztuaren 6an, garaipenaren gola lortu zuen itzulerako partidan, Susaeta ordezkatu eta bi minutura. Gaur egungo kapitaina, lehen taldearekin debuta egin duen jokalari gazteena da (16 urte, 7 hilabete eta 11 egun) klubaren historian.

Hurrengoa zerrendan Unai Lopez da. Erdilariak, Napoliren aurkako Champions Leagueko aurrekanporaketan egin zuen debuta hemezortzi minutu jokatuz. 18 urte, 9 hilabete eta 25 egun zituen. San Mameseko obrak guztiz bukatu ziren Unai Lopezek debuta egin zuen egun berean.

Sancet eta Vencedorrekin batera, beste bi jokalari agertzen dira 19 urterekin. Horietako bat Asier Villalibre da. Ernesto Valverderen aginduetara debutatu zuen lehen taldearekin San Mamesen (6 minutu jokatu zituen Williamsen ordez zelairatuta) LaLiga Santander 2016-17ko 14. Jardunaldian SD Eibarren kontra. Bigarrena Beñat Etxebarria da, 2006-07 denboraldian Sadarren lehoi gisa estreinatu zen LaLigako 8. jardunaldian, 6 minutu jokatuz.

Aipatutako sei horiez gain, beste zazpi lehoik egin zuten debuta 20 urterekin: San Jose, De Marcos, Cordoba, Williams, Balenziaga, Nuñez eta Ibai Gomez.

20 urte baino gutxiagorekin debuta egin zuten egungo Athletic Clubeko jokalariak:

  1. Iker Muniain, 2009 (16 urte, 7 hilabete eta 11 egun)
  2. Unai López, 2014 (18 urte, 9 hilabete eta 25 egun)
  3. Asier Villalibre, 2016 (19 urte, 2 hilabete eta 13 egun)
  4. Unai Vencedor, 2020 (19 urte, 3 hilabete eta egun 1)
  5. Oihan Sancet, 2019 (19 urte, 3 hilabete eta 20 egun)
  6. Beñat Etxeberria, 2006 (19 urte, 8 hilabete eta 10 egun)
  7. Mikel San José, 2009 (20 urte, 3 hilabete eta 15 egun)
  8. Óscar De Marcos, 2009 (20 urte, 3 hilabete eta 21 egun)
  9. Iñigo Córdoba, 2017 (20 urte, 5 hilabete eta 7 egun)
  10. Iñaki Williams, 2014  (20 urte, 5 hilabete eta 20 egun)
  11. Mikel Balenziaga, 2008 (20 urte, 6 hilabete eta 14 egun)
  12. Unai Núñez, 2017 (20 urte, 6 hilabete eta 19 egun)
  13. Ibai Gómez, 2010 (20 urte, 11 hilabete eta 6 egun)