undefined

“Lana amaitu gabe dagoela sentitzen dut”

“Lana amaitu gabe dagoela sentitzen dut”

Kontratua berritu ostean, Angel Villacampa itxaropentsu agertu da: “Noraino hel gaitezkeen jakin behar dut”

Angel Villacampa modu telematikoan azaldu da hedabideen aurrean joan den astean Athleticekin denboraldi baterako kontratua berritu zuela iragarri ostean. Emakumezkoen lehen taldeko entrenatzailea pozik agertu da 20/21 denboraldian Primera Iberdrolako taldearen buruan jarraituko duela jakin ostean. Villacampak “familia handi honetako kide izatearen eta horrelako klub handi bati lotuta jarraitu ahal izatearen harrotasuna” azpimarratu du. “Liga oso modu atipikoan amaitu da eta etenaldia gure unerik onenean heldu zen. Lana amaitu gabe dagoela sentitzen dut. Gogotsu iritsi ginen, baina gaur egun motibazio handiagoa dugu. Badakigu lehiaketari berriro ekitea zaila izango dela hainbeste denbora geldirik egon ondoren, eta erronka handia izango da. Niretzat laudorio bat da horrelako klub batek niganako konfiantza erakustea eta talde hau entrenatzen jarraitu ahal izatea “.

Datozen hiru asteetan berriro entrenatzeko asmoa du taldeak, eta, bertan, beharrezko osasun neurriak hartuko dituzte zelaietara bueltatzeko:“Itzuli egin behar dugula uste dut, maite duguna egin ahal izatea gure bizitzaren parte delako. Profesionaltasunez erantzun behar dugu, klubak gu tratatzen gaituen bezala”. Helburua argia da: aurre-denboraldira halik eta baldintza fisiko onenetan bueltatzea.

Primera Iberdrolaren amaierari buruz, entrenatzaile zuri-gorriak esan du berari gustatuko litzaiokeela txapelketa amaitzea: “RFEFeko presidenteak playoffik ez zuten lehiaketak bukatutzat emago zituztela esan zuen. Emakumezkoen futbolean, maila nazionalean,  fase hori jokatuko dute. Erabaki zaila eta konplexua da; ez litzaidake gustatuko erabakiak hartzen dituztenen lekuan egotea, beti egongo baita norbait haiekin ados ez dagoena. Men egin diogu. Denontzat onena dela uste dute”. Primera Iberdrola martxoan amaitu zen eta ez dakite emakumezkoen futbolean zenbaterainoko eragina izan dezakeen: “Ez dakigu zer gertatuko den. Ea kanpoko jokalariak fitxatzeko joerari eutsiko zaion edo ez. Alde batzuetan mugimendua ikusten ari gara, eta badirudi krisiak ez duela eragotziko emakumezkoen futbolaren hazkundea. Nahiago nuke horrela izatea, asko kostatu zaigulako maila garrantzitsu honetara heltzea orain atzerapausoak emateko”.

Belaunaldien arteko erreleboa

Entrenatzaileak Ainhoa Tirapu ekarri du gogora, duela hilabete zelaietako agurra iragarri baitzuen atezainak: “Harro egoteko modukoa izan da bera bezalako jokalari bat aldagelan izatea”, eta Amaia Peña atezainaren errefortzu berriaz mintzatu da: “Tamaina eta ezaugarri onak ditu, baita anbizioa eta hobetzeko gogoa ere. Berarekin belaunaldien arteko errelebo hori bilatzen dugu ere”.

Lehoiek Erreginaren Kopako finalerdia jokatuko dute datorren deboraldian EDF Logroñoren aurka. Erronka handiak dituzte aurrean, aurten aurpegi gazteak eta debutariak izan dituen taldearen zain: “Etenaldia izan genuenean Kopako finalerdia genuen aurretik eta taldea proiekzio argian zegoen. Moraza eta Lucia Espainiako selekzioarekin zeuden, eta Damaris, Azkona eta Maite Promesak taldean. Garrantzitsuak izatera pasa ziren hiru jokalari ere B taldeko fitxa izatetik A taldekoa izatera igaro dira, Oihane, Valdezate eta Azkona kasu. Filialeko debutak izan ditugu, eta sentitzen dugu taldea gaztetzen ari garela. Gure etorkizunerako oso baliagarriak direla erakutsi duten filialeko jokalariei aukerak eman dizkiogu, eta noraino hel gaitezkeen jakin behar dut”.