undefined

Garitanok beste denboraldi batez luzatu du kontratua

Garitanok beste denboraldi batez luzatu du kontratua

San Mamesen itxi da akordioa eta Gaizkak azpimarratu duenez, “Athleticekoa naiz txikitatik, pozgarria da oso, eta erantzukizuna osoa da”

Gaizka Garitanok eta Athletic Clubek denboraldi baterako akordioa sinatu dute San Mamesen lehen taldeko entrenatzaile izaten jarraitzeko. Hala, 2021eko ekainaren 30era arte egongo da taldean Garitano. Aitor Elizegi presidente zuri-gorria, Rafa Alkorta kirol zuzendaria eta Jon Berasategi zuzendari nagusia Garitanoren sinadura-ekitaldian izan dira. Athletic Kopako finalera eramateko gai izan da Derioko entrenatzailea, Realaren aurka jokatuko duen finalera, hain zuzen ere. Europako sailkapena lortzea da liga amaitu arteko helburua.

Dagoeneko 61 partidatan zuzendu du Garitanok lehen taldea, eta “oso pozik” dago klubak erakutsitako konfiantzarekin: “Txikitatik izan naiz Athleticekoa, nire bihotzeko taldea da. Hura zuzentzeko ardura izatea erabat pozgarria da niretzat eta erantzukizuna osoa da”.

“Mundu guztiari eskerrak emateko eguna da, Aitorri (Elizegi), bere konfiantzagatik, Rafari (Alkorta), Athleticek ospe eta handitasun hori izatea ahalbidetzen duten klubeko langile guztiei, Lezamako langilei, staff-ari, jokalariei… Haiek gabe ezinezkoa izango litzateke hau. Eta batez ere zaleei, une zailetan hor daudelako beti”, azpimarratu du deriotarrak.

“Aurtengo Kopan bizitako esperientzia bikaina izan da eta titulu bat irabazteko aukera daukagu. Gauza positiboekin geratu eta hobetzen saiatu behar gara”, azpimarratu du. Garitanok gaineratu duenez, “taldearen helburua argia da hamaika jardunaldi hauetan, Valentziarekin bost puntuko desabantaila izan arren, Europan sartzen saiatzea”.

Garitanok prentsaurreko telematikoa eskainiko du datorren asteartean, entrenamenduaren amaieran, oraindik zehazteke dagoen orduan.