undefined

Aurkariak herrialdeka: Mexiko

Aurkariak herrialdeka: Mexiko

Athleticek duela 85 urte jokatu zuen lehen aldiz mexikar talde batekin, Club América izenekoa, 1935ean handik egin zuen biran

Gaurko egunez, uztailak 28, baina 1935ean, Athletic Clubek mexikar talde baten aurka jokatu zuen lehen aldiz, Club América taldearen aurka, hain zuzen. Zuri-gorriek Mexikon jokatutako 5 partidetako lehena izan zen. Gutxigatik galdu zuen, 2-1 (Iraragorrik egindako gola). Athleticek ospe handia zuen garai hartan, eta bere bisitak ustekabeko ikusmina piztu zuen bertakoengan. Lehenengo partidaren kroniketako batean esan zen atzerriko beste ezein taldek ez zuela jaso horrelako adeitasun eta miresmenik Mexikon.

Club América taldearen ustekabeko garaipenak sekulako ospakizuna izan zuen herrialde osoan, eta laster adostu zuten errebantxako partida. Lehenengo partidak ikusmina sortu bazuen, bigarren horrek aurreikuspen guztiak gainditu zituen. Athleticek 5-0 irabazi zuen, Iraragorriren hat trick bati eta Bata eta Mundo Suárezen golei esker. “Burutik oinetara basaz beteta zeuden, baina bilbotarrek tinko eutsi zioten. Inork ez du horrelako jarrerarik izan hemen”; horrelako adierazpenak irakur zitezkeen partidaren kroniketan, tokiko prentsan.

Biraren jarraipena

Athletic Clubek beste hiru partida jokatu zituen 1935eko udako bira hartan.

• Atlante taldearen aurka 2-1 galdu zuen (Gorostizaren gola). Kroniken arabera, joko paregabea egin zuten. Bertakoak gogor aritu ziren, eta emaitza engainagarria da, izan ere, Athletic ez zegoen bere mailan, Muguerzaren lesioa zela eta.
• Lehoiek 3-2 irabazi zioten RC España taldeari, birako laugarren partidan. Antza denez, garai hartan idatzitakoaren arabera, partida aspergarria izan zen, eta ikusleek protesta egin zuten, kuxinak botaz.
• Mexikon zehar egindako lehen bira bukatzeko, Necaxa taldearen aurka galdu zuten, askogatik (4-1). Athleticeko entrenatzailea zen Patricio Caicedok, “Orinoco” itsasontzian ibilbide luze bat egin ostean, barkamena eskatu zien kazetariei, esanez gureak ez zirela hara joan hankak apurtzera.

Mexikoko bigarren bira

Athletic Clubek beste bidaia bat egin zuen Mexikora, 1976ko maiatzaren amaieran. Hori baino lehen, 1949an, zuri-gorriek San Mamesen egin zioten aurre Mexikoko selekzioari, eta emaitza 6-3koa izan zen, Zarra (3), Iriondo, Venancio eta Panizoren golekin. Hain zuzen ere, Mexikoko bigarren bira hau Tricolor taldearen aurkako enfrentamendu batekin hasi zen. Bilbon izandako porrotarengatiko errebantxa hartu zuten eta 3-0ko emaitza lortu zuten Azteca estadioan.

• Athleticek 1-2 irabazi zien Club Veracruz taldeko marrazoi gorriei, biraren bigarren topaketan, Irureta eta Carlosen golekin.
• Tigres UANL de Monterrey taldekoek 1-0 irabazi zuten lehoiek Mexikon jokatutako azken topaketan, 1976ko ekainean.

Athletic Clubek Mexikoko beste bi kluben aurka jokatu du ordutik. 1979ko irailean, zuri-gorriek 1-1eko berdinketa lortu zuten San Mamesen, Tecos de Universidad Autónoma de Guadalajara taldearen aurka. Bertakoek gola beren atean sartu zuten. Helmut Senekowitsch, Athleticeko entrenatzailea, Tecos taldearen entrenatzaile izana zen, horregatik antolatu zuten lagun arteko partida.

Azkenik, 2015eko udan Boisera egindako bisitan (AEB), Athleticek Club Tijuana taldearen aurka jokatu zuen, baita irabazi ere, 2-0, Aduriz eta Beñaten golekin. Xoloak izan dira lehoiek historian zehar aurre egindako azken aurkari mexikarra.

Guztira, Athleticek 8 mexikar klubi egin die aurre (Club América, Atlante, Club Tijuana, Club Veracruz, Necaxa, RC España, Tecos UAG eta Tigres UANL). 9 partida izan dira; 4 garaipena, berdinketa bat eta 4 porrot. Aurkarien artean, Chivas de Guadalajara taldearen falta aipatu behar dugu. José María Mujicak esaten zuen moduan, Mexikotik egindako bigarren birarako Gaceta del Norte egunkariak bidalitako berri-emaile berezia, partida bat egitekotan egon ziren, 1976ko ekainaren 6an. “Oso posible da Guadalajarak Athleticen bisita izatea hiri horretako Jalisco estadioan. Guadalajara zein Athletic tradizio bereziko taldeak dira, biak ala biak: Beren eskualdeetan sortutako futbolariak baizik ez dituzte hartzen”.

ARGAZKIA: Mexikar selekzioa San Mamesen (1949). Athletic Club Museoa.