undefined

Garitano: “Partida ixtea falta izan zaigu”

Garitano: “Partida ixtea falta izan zaigu”

Markagailuan aurrea hartu eta “zailena egin” arren, lehoiek ezin izan dute garaipena lortu, bigarren zatian “aukera argirik” sortu ez dutelako

Gaizka Garitanok hedabideen aurrean hitz egin zuen Alfonso Perez Coliseumeko prentsa aretoan, Ligako 11. jardunaldiko partidan Getafe CF taldearen aurka berdindu ostean. Derioko entrenatzaileak ezin izan zuen partida itxi, markagailuan aurretik jarri ostean, baina puntua positibotzat jo du: “Berdinketa ez da emaitza txarra eta ontzat eman behar dugu”.

 

Hala ere, taldea “penaz” doala esan du, “zailena egin” duelako eta garaipena ez duelako lortu. Lehoiek ezin izan dute garaipena lotu Villalibrek lehen zatian sartutako golaren ostean: “Aurretik jarri garen arren, partida ixtea falta izan zaigu”.

 

Athleticeko entrenatzaileak bi zati oso ezberdin ikusi ditu norgehiagokan: “Lehen zati bikaina egin dugu, gutxitan gertatzen da zelai honetan kanpoko taldeak hainbeste menderatzea. Lehen 45 minutuetan taldeak oso ondo jo du erasoan. Bigarren zatian, ondo defendatu dugun arren, ez diegu minik egin: aukera argiak sortzea eta sustoren bat ematea ez dugu lortu”.

 

Aurkaria oso zaila izan arren, bere taldearen lan bikaina azpimarratu nahi izan du: “Bi partida daramatzagu galdu gabe eta taldeak irudi ona eman du. Arlo honetan ez dago pentsatzeko denborarik, gainean dauzkazu eta zaila da pase azkarrak egitea. Fisikoki partida zailenetako bat izan da, lehia handia dagoelako “.