undefined

“Burua eta bihotza. Horrek garaipenera hurbil gaitzake”

“Burua eta bihotza. Horrek garaipenera hurbil gaitzake”

Marcelino itxaropentsu agertu da Barçaren aurkako hitzordu handiaren aurrean: “Ilusio handia dugu Kopa hau Bilbora eramateko”

Marcelino Garcia Toral Athletic Clubeko entrenatzaileak prentsaurrekoa eman du hedabideen aurrean, biharko Bartzelonaren aurkako 2020-21 Kopako finalaren atarian (La Cartuja, 21:30). Entrenatzaile zuri-gorriak bere taldearen motibazioa azpimarratu du titulu bat lortzeko bigarren hitzorduaren aurrean: “Realaren aurkako finala historia da. Aztertu dugu zergatik ez ginen gu geu izan, eta orain biharko 90 minutuek bakarrik kezkatzen gaituzte. Ilusio handia dugu final honekin. Aurkari zaila dugu, baina horrek ez digu irabazteko eta Kopa hau Bilbora eramateko ilusiorik kentzen”.

Prestatzaile zuri-gorriak bere taldearen bertsiorik onena erakusteko beharra azpimarratu du: “Geure buruari erreparatu behar diogu eta ahalik eta etekin handiena atera, horrela bakarrik irabaziko baitugu finala. Partida jokatzeko moduaz konbentzitu behar ditugu futbolariak, eta konfiantza izan dezatela, emaitzan ez pentsatzeko, joko hori gauzatzean baizik. Emaitza jokoaren emaitza da, eta horretarako gure onena erakutsi behar dugu, bai arlo fisikoan, bai animikoan. Eta lortuko dugu. Jokalari hauek eta zale hauek Kopa hau merezi dute”.

Azken egunetako arazo fisikoengatik futbolari batzuen egoera fisikoari buruzko zalantzak direla eta, Marcelinok honakoa esan du: “Hasiera batetan, jokalari guztiak kontuan hartu ahal izango ditugula uste dugu. Gaurko entrenamenduaren ostean, alderdi guztiek (futbolariek, teknikariek eta medikuek) hitz egingo dugu behin betiko erabakia hartzeko. Finala da, eta ezin dugu zalantzarik izan arlo fisikoan”.

“Burua eta bihotza. Hori da irabaztera eraman gaitzakeena”, esan du Athleticeko entrenatzaileak.