Estrategia jokaldietan aditu
Athletic Clubek estrategia jokaldietan sartu ditu bere azken 20 goletako 9, ia erdia
Lehoiek hitzordu berria dute igande honetan Primera Iberdrolan, EDF Logroñoren aurka, ligako azken bi partidak irabazi ostean. Iraia Iturregiren taldeak denboraldiko gol zaparradarik handiena lortu zuen SD Eibarren aurka joan den asteburuan. Azken asteetako dinamika onak badu zerikusirik taldeak azken sei partidetan gola sartu izanarekin, eta batez ere oso eraginkorra izan da geldikako jokaldietan. Iraiaren debutetik azken 20 goletako 9 gol sartu dira estrategia jokaldietan, ia erdia.
Irene Oguiza, Loiukoaren eskutik filialera igo eta gero, taldeko golegile handienetako bat da, 10 partidatan 5 gol lortuz. Durangokoak RCD Espanyoli bi gol, Valentziari gol bat eta Eibarren aurka bitan gainditu zuen atea, denak kornerrak errematatuz. B taldeko beste jokalari bat, Leyre Monente, golegileen zerrendan sartu zen estrategia jokaldi bikaina bukatuz Huelvako Sportingen aurka, Lezaman.
Bestalde, Oihane Valdezatek erremate bikaina egin zuen Granadillako norgehiagokan eta Vanesa Gimbertek ere gola sartu zuen partida hartan. Azken lau jardunaldietan, defentsak lau gol sartu ditu geldikako jokaldietan.