“Beti irabaztea da asmoa”
Marcelino Garcia Toralek bere taldearen maila azpimarratu du bihar Osasuna hartu aurretik eta nafarren aurka denboraldi honetan lehen aldiz bigarren garaipena jarraian lortzea espero du
“Beti irabaztea, hori da gure asmoa”. Marcelino Garcia Toralek argi hitz egin nahi izan du Athleticen helburuei buruz, bihar San Mamesen Osasuna hartu aurretik (21:00etan). Horretarako, denboraldian geratzen diren neurketei begira, entrenatzaileak argi dauka: “Partida bakoitza irabazteko gogotsu eta mentalki egoera onenean hasi behar dugu, aurkaria zein den kontuan izan gabe. Erregularrak izatea bilatu behar dugu, lehia-maila altua izatea eta ahalik eta puntu gehien lortzea dira helburuak. Bigarren garaipena jarraian lortzea da beste helburuetako bat. Bihar irabaztea 10 puntu lortzea litzateke 12 puntutik, Atleticoren eta Sevillaren aurkako norgehiagokak tarteko. Oso zenbaki onak izango lirateke, eta geure buruarekiko konfiantza eta segurtasun-maila hobetuko genituzke. Helburu polita litzateke, taldeak horretarako gaitasuna duelako”.
Oraindik Europarako txartela lortzeko aukerak izanda, Athleticek aurrean Osasuna izango du bihar, gauzak zail jarriko dizkion taldea: “Oso zaila izango da Osasunari irabaztea, oso talde ona delako. Etengabe estutzen dizu. Asko proposatzen du, dinamikoa da eta ez du espekulatzen. Jende asko sartzen da aurkariaren arean eta presio handia egiten du. Gure maila onena ematea eskatuko digu, ez bagaude indartsu, atzerantz korrika eginaraziko digun taldea izango da. Espero dut eta nahi dut nire taldea bihar gailentzea”.
Marcelinok, gainera, bere jokalarien egoera mentala goraipatu nahi izan du: “Taldeak oso gutxi galdu du hemen gaudenetik. Hobetu egin behar dugu, eta horretan ari gara. Garaipen orok poza ematen du, garaipenak sinesten laguntzen du, jokoaren ideian, gure buruarengan, taldekidearengan… Jokalariak oso pozik daude egoera zail batean partidak irabaztea lortu dutelako. Taldeak irabazi egin nahi du. Oraintxe bertan, maila ona erakusten ari da eta zenbait alderditan hobetzen ari da modu egokian. Hobekuntza hori partida bakoitzean islatzen saiatu behar gara”.
Erlazionatutako partidak
Athletic Club - CA Osasuna



