undefined

Filialaren aurkako neurketa erritmoa mantentzeko

Filialaren aurkako neurketa erritmoa mantentzeko

Lehen taldeak bigarren taldearen aurka jokatu du gaur goizean, Primera Iberdrolaren azken etenaldian

Primera Iberdrolari amaitzeko bi aste geratzen dira. Lehoiek hiru partida dituzte aurretik: Sevilla FC-ren aurka, FC Bartzelona-ren aurka eta Deportivo Abanca taldearen aurka jokatzeko irteera. Azken etenaldia aprobetxatuz, lehen taldeak eta filialak Lezamako 2. zelaian neurtu dituzte indarrak. Egondako beroa nagusi, 90 minutuko iraupena izan du norgehiagokak, eta Iturregiren taldeak 3-1 irabazi du. Golegileak Nekane, Monente, Azkona izan dira lehen taldean eta Clara Pinedo izan da bigarren taldeko golegilea.

Eunate Arraizak erdiraketa onak jarri ahal izan ditu lehen zatian, eta Nekanek markagailua irekit egin du nafarraren erdiraketa baten ostean. Rober Pampinen neskentzako arriskua Paula Aranak zeraman, beti arriskutsua baloi sakonetan. Atsedenaldiaren ostean, bigarren taldeko entrenatzaileak “C” taldeko jokalari gazteak sartu ditu: Marina Artero, Amaia Iribarren, Aizaro Rodrigo, Sara Ortega, Leire Egia eta Zuriñe Ruiz de Mendoza.

Leyre Monentek, bi taldeekin jokatuz, 2-0ekoa sartu du lehen taldearentzat eta, geroago, Clara Pinedok aldea murriztu du. Azken txanpan, Ane Azkonak 3-1ekoa egin du. Partidak intentsitatea izan du eta Iturregik eta Pampinek asko estutu dituzte jokalariak. Reto Iberdrolaren taldeak denboraldia bukatu du eta entrenamenduetako azken asteari ekingo dio denboraldiari amaiera eman aurretik. Bestalde, lehen taldeak atseden hartuko du bihar, igandea, Sevillaren aurka Lezaman izango duten partida astelehenetik aurrera prestatzeko.