undefined

Marta Pereak ez du Athletic Cluben jarraituko

Marta Pereak ez du Athletic Cluben jarraituko

Galdakaoko jokalaria duela hamarkada bat iritsi zen Lezamara eta zazpi denboraldi bete ditu lehen taldean

Marta Perea Athleticeko jokalariak ez du talde zuri-gorrian jarraituko datorren denboraldian. Galdakaokoak beste urtebetez berritu zuen iaz, baina lesioekin ez du zorterik izan eta denboraldi honetan ia ez du minuturik jokatu (11 partidatan). 2019ko azaroan, Marta Pereak alde biko bihurritua izan zuen eskuineko orkatilan, eta hilabete batzuk eman zituen zelaietatik urrun.

Marta 2011n iritsi zen Lezamara, CD Mungiatik etorri zen 15 urterekin. Bost denboralditan paper garrantzitsua izan zuen emakumezkoen filialean eta 2014ko apirilaren 25ean debuta egin zuen Valentzia CF taldearen aurka. Paternan jokatutako partida hartan Juan Luis Fuentesek bigarren zatian minutuak eman zizkion. 2016-2017 denboraldira arte lehen taldean eta filialean jokatu zuen, eta azken lau denboraldietan lehen taldean bakarrik.

2018-2019 denboraldian izan zuen, zalantzarik gabe, protagonismorik handiena 23 partida jokatuz. Pasa den denboraldian golegile gisa estreinatzea lortu zuen, Madrid CFFren aurka Lezaman jokatutako ligako bigarren jardunaldian.

Guztira, Martak 71 partida jokatu ditu (ligako 68 eta Kopako 3) lehen taldearekin eman dituen zazpi denboraldietan zehar, nahiz eta aurten Athletic Clubera iritsi zenetik hamar urte bete. Galdakaokoa jokalari trebea da eta hainbat posiziotan joka dezake zelaian.

Athleticek eskerrak eman nahi dio bere konpromisoagatik eta jarrera eredugarriagatik, eta onena opa nahi dio etorkizunean.