undefined

Bost lehoikumek denboraldi-aurrea egingo dute Marcelinorekin

Bost lehoikumek denboraldi-aurrea egingo dute Marcelinorekin

Julen Agirrezabala atezaina, Beñat Prados erdilaria eta Juan Artola, Nico Williams eta Nico Serrano aurrelariak lehen taldearekin entrenatuko dira

Athleticek Lezamaren aldeko apustua egin du. Aurreko denboraldian bigarren taldean aritutako bost jokalarik Marcelino Garcia Toralekin egingo dute denboraldi-aurrea. Julen Agirrezabala atezaina, Beñat Prados erdilaria eta Juan Artola, Nico Williams eta Nico Serrano aurrelariak arituko dira lehen taldearen denboraldi-aurrea. Williams anaien gazteena da, orain arte, lehoi gisa neurketa ofizial batean parte hartu duen bakarra. Gaizka Garitanorekin lagunarteko partidak jokatu zituzten joan den udan Pradosek eta Serranok.

JULEN AGIRREZABALA
Julen Agirrezabalak (20 urte) maila bikaina eskaini du Bilbao Athleticen egin duen lehen urtean, giharretako lesio batek bakarrik zikindua. Antiguokotik etorrita, donostiarrak hiru denboraldi egin ditu Lezaman, maila bakoitzeko bana. Ohorezko mailatik hasi, Basconiara pasa eta Joseba Etxeberriaren aginduetara egonkortu zen azkenean Bilbao Athleticen. Bere aparteko maila ez da oharkabean pasa Athleticentzat, 2025era arte berritu baitu.

BEÑAT PRADOS
Beñat Prados (20 urte), 2025era arte berritua, Lezamaren itxaropenetako bat da zelai erdian. Bere bigarren denboraldia bete du Bilbao Athleticen, iaz Basconiarekin batera jokatuta, eta dagoeneko 38 partida jokatu ditu. Espainiako selekzioko maila baxuagoetan, kadete mailan sartu zen Athleticen, UD Txantreatik etorrita. Iaz Gaizka Garitanoren aginduetara hiru lagunarteko jokatu zituen, UD Logroñesen, Deportivo Alavesen eta Real Oviedoren aurka.

JUAN ARTOLA
Juan Artolak (21 urte) golekin eta lanarekin irabazi du lehen taldearen denboraldi-aurreko igoera. Aurrelariak bigarren denboraldian lortu ditu bere 18 goletatik 10, eta Lezamako beheko mailetan egin du bere ibilbide osoa, Erromotik kimu mailan iritsita. Erasoaren fronte guztietan jokatzeko balioaniztasunak eta errendimenduak kontratu bat sinatzera eraman zuen aurten, 2025era arte.

NICO WILLIAMS
Nico Williamsek (18 urte) Lehen Mailako futbolera jo du Marcelino Garcia Toralen aginduetara, eta Real Valladolid eta Sevilla Fc taldeen aurkako partidetan ordu erdi jokatu zuen. Bilbao Athleticen estreinatu zenean bere nortasuna eta bertuteak erakutsi ostean, 26 partidatan bederatzi gol sartuta. Nahiz eta oraindik gazte-adina izan, Klubak iaz ekin zion aurrelariaren jarraipena hainbat denboraldirako ziurtatzeko lanari. Nico, Iñakiren anaia, Lezaman dago kimuetatik, Osasunatik iritsi zenean, eta aurten Espainiako 19 urtez azpiko selekzioarekin jokatzeko deitu dute.

NICO SERRANO
Nico Serrano (18 urte) bosten artean gazteena da. 25 partidatan ibili da Bilbao Athleticen, 24 aurten, hiru gol sartuta. Harrobian itxaropena sortzen ari den futbolarietako bat da, iaz Gaizka Garitanorekin denboraldi-aurrearen zati bat egin eta hiru partidatan parte hartzeraino, UD Logroñes, Deportivo Alaves eta Real Oviedoren aurka. Oraindik gazte-adina izango du denboraldi honetan eta Espainiako 19 urtez azpiko selekzioak deitu du. Nafarra kadete adinean iritsi zen Lezamara, Villarreal CF-tik etorrita.