undefined

Athletic Club – Rayo Vallecano partidara joateko baldintzak

Athletic Club – Rayo Vallecano partidara joateko baldintzak

Klubeko bazkideek, aldez aurretik izena emanda, LaLigako 6. jardunaldiko partida ikusi ahal izango dute San Mamesen % 30eko gehienezko edukierarekin

Athletic Clubeko bazkideak, COVID-19aren osasun-prebentzioari buruzko Eusko Jaurlaritzaren egungo araudiaren arabera, %30eko portzentajean joan ahal izango dira San Mamesera LaLigako 6. jardunaldiko Rayo Vallecanoren aurkako partidara. Norgehiagoka Katedralean jokatuko da irailaren 21ean, asteartean, 22:00etan.

Partida honetarako, webguneko Bazkideen Txokoan izena emateko aukera egongo da gaur 17:00etan hasita irailaren 13ra arte, astelehena, 17:00ak arte. Nahi duten bazkideek euren kodearekin sartu eta PINa sakatu behar dute, Bazkideentzako Zerbitzuak / Sarreren Zozketa Athletic Club Covid atalean.

Izen-ematea banaka edo taldeka egin ahal izango da, talde bakoitzeko lau bazkide gehienez, eta kasu horretan antzinatasuna hartuko da kontuan, guztien batez bestekoarekin. Bazkideen eskaria eskuragarri dauden eserlekuen kopurua baino handiagoa bada, sarbide-eskubidea zozketa bidez ezarriko da irailaren 14an, asteartea, eta egun horretan argitaratuko da zozketa horren emaitza, Klubaren komunikabide ofizialen bidez.

Eserlekuak esleitu ondoren, saritutako bazkideek irailaren 17tik (ostirala) aurrera deskargatu ahal izango dute sarrera izena eman zuten Txokoko atal berean. Gainera, egun horretan bertan bidaliko ditu klubak sarrerak inskripzioan erabili zuten posta elektronikoetara. Saritutako bazkideak Athletic Clubeko aplikazio ofizialarekin (Nire txartela atala) ere sartu ahal izango dira estadiora.

FC Barcelonaren eta RCD Mallorcaren aurka eserlekurik izan ez zuten bazkideek sarrera bat lortzeko lehentasuna izango dute. Ondoren, bi neurketetakoren bat ikusi duten bazkideek izango dute lehentasuna. Azkenik, baimendutako edukiera guztia bete arte, aipatutako bi norgehiagoketara San Mamesera joan direnek lekua hartzeko aukera izango dute.

Denboraldi honetan San Mamesen jokatu diren lehen bi partidetan gertatu den bezala, jarritako eserlekuen %10 zozketarik egin gabe bideratuko da FC Barcelonaren eta RCD Mallorcaren aurka eserlekurik izan ez zuten eta Klubean antzinatasun handiena duten bazkideentzat. Aurreko paragrafoan aipatutako lehentasun-irizpide bera ezarriko da kasu honetan.

Izena emateko prozesua:

Izena ematerakoan, ezinbestekoa da zozketaren oinarriak eta jokabide onaren araudia irakurtzea eta onartzea; edonola ere, jarraian alde garrantzitsuenak nabarmenduko ditugu:

  • Partidara doan pertsonak ez du nahitaez bazkidea bera izan behar, baina onuradunaren datuak adierazi beharko dira izena emateko unean. Zozketa egin ondoren bertaratzen den pertsona aldatzen bada, inskripzioa egin duen bazkideak Bazkideen Txokotik Klubari jakinarazi ahal izango dio azkenean joaten den pertsonaren izena eta NANa (kasu horretan, ez da beste sarrera bat bidaliko izena aldatuz, baizik eta sarrera pertsonalizatua erabili beharko da hasierako inskripzioa atxiki zitzaion izenarekin).
  • Txokoan izena emateko prozesuaren amaieran, ezinbestekoa da “amaitu” botoian klik egitea. Hori egitean, inskripzioa berresteko mezua agertuko da, bai eta helbide elektroniko bat sartzeko testu-kutxa bat ere, izena emandako datuen gordekina gordetzeko datuak bidaltzeko.
  • Sarrera pertsonala eta besterenezina izango da, bertan jasotako datuak dituen pertsonarentzat edo zozketa egin ondoren Bazkideen Txokoaren “Athletic Club Covid Sarrerak” atalean jakinarazitako aldaketan agertzen den pertsonarentzat. Nahitaezkoa izango da zelaira NAN, pasaporte edo gidabaimenarekin joatea.
  • Zelaira sartzeko, Klubak e-mail bidez sarrera bidaliko du, eta Txokotik edo Athletic Cluben aplikazio ofizialetik ere deskargatu ahal izango da. Bazkide-txartela EZ da baliozkoa izango.
  • San Mameserako sarbidea mailakatua izango da. Sarreran bertan adieraziko da saridun bakoitzak zein orduan joan beharko duen.
  • Nahitaezkoa izango da esleitutako eserlekua hartzea, ez du zertan bazkidearena izan behar, eta heltzen denetik partida amaitu arte nahitaezkoa izango da eserita eta maskara jantzita egotea.
  • Partida joandako partida bezala kontuan hartuko da saridun suertatzen diren bazkideentzat, geroago bertara joan ala ez.
  • Taldeen kasuan, antzinatasunaren eta zuzeneko esleipenaren irizpideak aplikatu ahal izateko, aurreko partidan sarituak izan ez diren bazkideek osatu behar dute talde osoa.
  • Zelaia hustea ere mailakatua izango da, Klubeko langileen jarraibideen arabera.
  • Hurrengo partidetarako zozketetan, aurreko neurketetan sarituak izan ez diren edo gutxiago izan diren bazkideek lehentasuna izango dute; horrela, zuzeneko eta zozketarik gabeko sarbidea esleituko zaie sarituak izan ez diren edo lehenago izena eman ez duten bazkideei edo beste batzuk baino gutxiagotan izena eman dutenei.

ZOZKETAREN OINARRIAK DESKARGATU