
“Erasoan gehiago eskatu behar diogu gure buruari”
“Erasoan gehiago eskatu behar diogu gure buruari”
Marcelinok “bidezkotzat” jo du Orriolsen lortutako puntua aukera gutxiko partida baten ostean
Marcelino García Toral Levanteren eta Athleticen arteko partidaren amaieran agertu zen hedabideen aurrean. Bere jokalariei ez zuen ezer aurpegiratu nahi izan entrenatzaile asturiarrak, erasoan emandako mailaz gain, nahiz eta partida irabazteko aukeraren bat izan: “Berdinketa, zelaian gertatutakoa ikusita, bidezkoena da. Irabazi nahi genuen, baina erasoan ez genuen merezi adina egin. Aukeren bat izan dugu eta Levantek ere bai, baina irabazteko gehiago egin behar duzu aurrean. Gehiago eskatu behar diogu gure buruari alde horretan”.
Entrenatzaile asturiarrak behin baino gehiagotan errepikatu zuen bere jokalariek erasoan zerbait gehiago eskaini beharko zutela. Lehoiek hurrengo neurketetan hobekuntza bilatu beharko dute esparru horretan: “Emaitza onenak lortzeko lan egiten duen taldea gara eta gehiago eskatu behar diogu gure buruari. Etxetik kanpo zaila da. Gaur egun, jarreran, ahaleginean, defentsa-segurtasunean eta talde-lanean ez dago ezer leporatzeko. Geure buruarekin zorrotzak izan behar dugu eta zerbait gehiago sor genezakeela pentsatu”.
Erlazionatutako partidak
Levante UD - Athletic Club

