undefined

“Partida bakoitzari intentsitate handienarekin aurre egin behar diogu”

“Partida bakoitzari intentsitate handienarekin aurre egin behar diogu”

Marcelinok hurrengo erronkei “aparteko egoera mentalean” aurre egiteko ikusten du taldea

Marcelino García Toralek komunikabideen galderei erantzun die Lezamako prentsa aretoan, Ligako 23. jardunaldiko RCD Espanyolen aurkako partidaren atarian. Katedralak ez zuen ligako neurketarik hartzen abenduaren 22an Real Madriden aurka jokatu zen partidatik.

Entrenatzaile zuri-gorriak egoera “ezin hobean” ikusten du taldea edozein erronkari aurre egiteko: “Taldea aparteko egoera mentalean dago. Esfortzu handia egin dugu, baina jokalari asko ditugu jokatzeko prest. Denek jokatu nahi dute eta haien jarrera, lana eta anbizioa bikainak izango dira errendimendu ona eskaintzeko. Ahalik eta aukera gehien izaten saiatzen ari gara, jokatzen duenak joka dezan, taldearen errendimenduan igerri ez dadin. Poztekoa da zelaian jartzen dugun edozein jokalarik ahalik eta ondoen egingo duela jakitea”.

Athletic emaitza positiboen dinamikan dator sartuta, baina Marcelinok argi dauka bizitzen ari diren egoerak ezin dituela “itsutu“: “Guk neurketetan jarrera jakin bat dugu eta hori erakutsi behar dugu aurrean dugun aurkaria eta jokatzea egokitzen zaigun txapelketa alde batera utzita. Lelo horrekin egin behar diogu aurre neurketa bakoitzari. Gure pentsamoldeak berdina izan behar du Espanyolen aurka LaLigan eta Real Madriden aurka Kopan”.

Aurkariari dagokionez, entrenatzaileak argi dauka partida zaila izango dela: “Espanyol denboraldi bikaina egiten ari da, jokatzeko era oso jakin bat du. Talde dinamikoa da, ausarta eta joko bizkorrekoa, futbol erakargarria egiten duena. Talde ona eta entrenatzaile bikaina iruditzen zaizkit”.