Helburua: Wandan berraktibatzea
Beste geldialdi baten ondoren, lehoiek Atletico Madridi egingo diote bisita igandean, Champions postua defendatzen duen arerio baten aurka garaipena lortzeko asmoz
Apirilean Primera Iberdrolako bi partida jokatuko dira bakarrik eta lehoiek, etxean Valencia CFren aurka bina berdindu ondoren, igandean Atletico Madriden aurka puntuak bilatuko dituzte. Lau neurketa geratzen dira denboraldia ixteko eta zuri-gorriek ahalik eta garaipen gehien lortu nahi dituzte lehiakortasunari eusteko, Txapeldunen Liga urrun ikusten den une honetan (9 puntura). Hain zuzen ere, talde koltxoneroa da hirugarren postua defendatzen duena 50 punturekin laugarrenarekin berdinduta, UDG Tenerife. Orain Levantek Athletic gainditzea lortu du seigarren tokian jarriz 41 punturekin. Azken helburua hogeita hamargarren eta azken jardunaldia iritsi aurretik taulan postuak irabazten saiatzea da.
Sailkapena ikusita, norgehiakoka hau oso garrantzitsua da Oscar Fernandezen taldearentzat. Udan aldaketak egin zituzten arren, denboraldi honetako Atletico Madrid oso erregularra izaten ari da. Inoiz ez da bosgarren postutik jaitsi, eta jokatutako 26 jardunaldietan 14 partida irabazi, zortzi berdindu eta lau galdu ditu. Gainera, erasoko eta defentsako ataletan duen oreka nabarmentzen da: 59 gol alde eta 25 aurka. Nolanahi ere, eta arerioaren maila kontuan hartuta, lehoiek badakite zer den denboraldi honetan madrildarrei irabaztea, eta bi aldiz gainera. Lehenengoa Karrantza Garaikurrean izan zen joan den abuztuan. Athletic Club nagusitu zen Naroa Uriarteren gol goiztiarrari esker. Ligan, otsailean eta euri-jasa baten azpian, bilbotarrek ere euren jardunik onenetako bat egin zuten 2-1 gailentzeko.
Igandean helduko da Atleticoren aurkako azken erronka Alcala de Henareseko Wanda Kirol Zentroan. 12:00etatik aurrera (ETB), lehoiak eta koltxoneroak elkartuko dira, beti maila altuko norgehiagoka batean. Entrenatzaile madrildarrak ezin izango du zigortutako Ludmila erabili, eta Iraiak Marta Unzue berreskuratuko du zelai erdirako, ia bi hilabetez bajan egon ostean.