undefined

“Europan jokatzeko, askoz hobeto egon behar gara”

“Europan jokatzeko, askoz hobeto egon behar gara”

Marcelino Garcia Toralek “gure mailarik onenean” egon ez izana deitoratu du, Granadak partida irabazteko “meritu gehiago” egindako neurketan

Marcelino Garcia Toral haserre agertu zen komunikabideen aurrean Athleticek Granadaren aurka galdu zuen partidaren amaieran. Kolpe gogorra hartu dute lehoiek Europako helburuei begira: “Erakutsi dugun mailarekin zaila da irabaztea, gainera, aurkariak mailari eusteko aukera asko jokoan zituenean. Europan jokatzeko partida bat irabazi nahi baduzu, guk gaur hemen egin ditugunak baino gauza gehiago egin behar ditugu ondo. Nahiko ondo hasi gara. Partidaren kontrola eta nagusitasuna geneukan, argi eta garbi azken hereneraino iristen ginen, arrisku jokaldiekin. Akatsa larria egin bezain laster eta hortik lehen zatia amaitu arte, ordena eta irizpidea galdu eta zalantzak areagotu egin dira. Bigarren zatiko azken txanpan bakarrik erakutsi ditugu garaipen itxaropenak”.

Athletic, bere aurpegirik onenetik urrun, puntu bat lortzear izan da Granadan neurketaren amaieran: “Azken txanpan bai estutu dugu, aukerak geldikako jokaldietan sortu ditugu batez ere, zutoinera bidali dugu baloia eta jokaldi jakin batean ez dakit nola ez den penaltia adierazi. Zaila egiten zait sinestea epaileak eta VARak ez dutela ikusi, denek argi eta garbi esan didatenean oso argia zela. Hori bai, jokoa bere osotasunean aztertuz Granadak meritu gehiago egin ditu partida hau irabazteko. Matematikek aukera ematen duten arte, ez ditugu baztertu behar Europara sailkatzeko aukerak, baina ez dugu gure mailarik onena eman, eta Europan egoteko gure mailarik onena erakutsi behar dugu”.