undefined

Presidentetza eta Zuzendaritza Batzorderako hauteskundeak

Presidentetza eta Zuzendaritza Batzorderako hauteskundeak

Athletic Clubeko Presidentetza eta Zuzendaritza Batzorderako Hauteskundeen deialdi ofiziala. San Mamesen izango dira hauteskundeak, 2022ko ekainaren 24an, 09:00etatik 21:00etara

Athletic Clubeko Zuzendaritza-Batzak, 2022ko maiatzaren 8an egindako bileran, bere dimisioa aurkeztea eta Kudeaketa-Batzordea izendatzea erabaki du 2022ko maiatzaren 15ean, eta, Hauteskunde Erregimenaren V. Tituluan eta Klubaren Estatutuetako 65. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat etorriz, Presidentetzarako eta Zuzendaritza-Batzarako Hauteskundeak deitzea erabaki du. Estatutuetako 71. artikuluaren arabera, informazio hau jakinarazten zaie Klubeko bazkideei:

  • Hautagai-zerrenda bakoitzeko kide-kopurua bakoitia izango da, eta Hautagaitzak berak erabakiko du gutxienez 11 kide izatea eta gehienez 21 izatea, Estatutuen 36. artikuluan arautzen denaren arabera.
  • Presidentegai edo Zuzendaritza-Batzako kide izateko, Estatutuen 66. artikuluan jasotzen diren baldintzak bete behar dira, hau da:
    • a) Adin-nagusitasun zibila izatea.
    • b) Eskubide zibil guztien jabe izatea.
    • c) Zuzendaritza-karguak betetzeko ezgaitzen duen zehapenik ez izatea.
    • d) Beste futbol klub batzuen zuzendaritza-kargurik ez izatea, edota inongo taldetako jarduneko jokalari, epaile, entrenatzaile edota teknikari ez izatea, hautagai izendatzean.
    • e) Klubeko bazkide gisa etengabeko urtebeteko antzinatasuna izatea.
  • Hautesle izango dira honako baldintza hauek betetzen dituzten bazkide osoak:
    • a) Adin-nagusitasun zibila izatea.
    • b) Eskubide zibil guztien jabe izatea.
    • c) Hauteskundeetarako deia egiten denean, bazkide izaera etenda ez izatea.
    • d) Klubeko bazkide gisa etengabeko urtebeteko antzinatasuna izatea.
    • e) Hauteskunde erroldan egotea.
  • Hauteskunde-Batzordea eratzeko, jakinarazten da zozketa publikoa egitea ez dela beharrezkoa kideak izendatzeko, Hauteskunde-Batzordea indarrean dagoelako 2018ko maiatzaren 30ean egindako bileran izendatu zenetik, Athletic Clubeko Estatutuen 72. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2018ko maiatzaren 3an Notario aurrean zozketan egin ondoren. Zozketa hori Bilboko notario Vicente Maria del Arenal Otero jaunaren protokoloko 772 zenbakiko Aktan jasotzen da.
  • Hautesle-errolda ikusgai egongo da 2022ko maiatzaren 17tik 26ra, Klubeko Bazkideen Arreta Bulegoan, Bilboko San Mames estadioaren 20. atearen ondoan. Horrez gain, bazkideek erroldan sartzeko aukera izango dute ezarritako epean Athletic Cluben webgunean (www.athletic-club.eus), ‘Bazkideen Txokoa’ atalean.
  • Aldi horretan bazkide-izaeraren edozein baja emanez gero, errolda eguneratu beharko da, eta, jakina, baita horren ondoriozko balizko eskubide eta betebeharrak ere, bai hautagai gisa, bai hautesle gisa.
  • Bazkideek Hautesle-erroldari buruzko erreklamazioak aurkezteko epea 2022ko maiatzaren 26an amaituko da. Erreklamazioak Hauteskunde-Batzordeari zuzendutako idazki baten bidez egingo dira, eta idazki hori posta ziurtatuz edo Klubaren egoitzan zuzenean entregatuz bidali ahal izango da. Bi kasuetan, 2022ko maiatzaren 26ko 18:30ak baino lehen jaso beharko da.
  • Hauteskunde-Batzordeak maiatzaren 31ra arteko epea izango du erroldari buruzko erreklamazioak ebazteko, eta idatziz jakinaraziko zaio erreklamatzaileari, Klubaren artxiboetan ageri den helbidera joz.
  • Hautagai-zerrendak aurkezteko epea 2022ko maiatzaren 26an, ostegunean, hasiko da, eta 2022ko ekainaren 4an, larunbatean, amaituko da, 24:00etan.
  • Gutxienez boto-eskubidea duten bazkideen %5ek sustatutako hautagai-zerrendak onartuko dira. Klubak emango dituen inprimaki ofizialetan jasotako hautagaitzetarako abalak baino ez dira baliozkotzat joko; horietan, eskuz sinatutako sinaduraz gain, izen-abizenak, NAN eta bazkide-kodea ere jaso beharko dira, indarrean dagoen NANaren fotokopiarekin edo indarrean dagoen pasaportearen fotokopiarekin batera, eta Hauteskunde-Batzordeak dokumentazio hori onartu beharko du. Hauteskunde-Batzordeak ofizialki onartutakoa eta Klubak emandakoa ez den dokumentazioan aurkeztutako edo Klubaren Estatutuen 73. artikuluan adierazitako epeetatik kanpo jasotako hautagai-zerrenda baterako edozein abal baliogabetzat joko da.
  • Hauteskunde-Batzordeak hautagai-zerrendak aldarrikatuko ditu 2022ko ekainaren 9an, ostegunean, 18:00etan, eta Klubeko iragarki-taulan argitaratuko dira 7 egunez, 2022ko ekainaren 16a, osteguna, 18:00ak arte.
  • Bozketa San Mames Estadioan egingo da, Bilbon, 2022ko ekainaren 24an, ostiralean, 09:00etatik 21:00etara.
  • Gutxienez 25 hautestontzi egongo dira; horietatik gutxienez 24 aurrez aurreko bozketarako erabiliko dira, eta gainerakoa posta bidezko botorako.
  • Boto-eskubideaz baliatzeko, hautesleek indarrean duten NAN edo pasaportea erakutsi beharko dute.

Bilbon, 2022ko maiatzaren 16an.