undefined

Partida aurrekoa: Sevilla FC vs Athletic Club (LaLiga J38)

Partida aurrekoa: Sevilla FC vs Athletic Club (LaLiga J38)

Lehoiak datorren denboraldian Europan barrena jokatzeko aukerekin iritsiko dira LaLigako azken jardunaldira, eta garaipena bilatuko dute hain desiratuta dagoen zazpigarren postua eskuratzeko

2021-22 LaLigako azken partida eta Athletic Clubek datorren denboraldian Europan barrena jokatzeko aukerekin ekingo dio neurketari. Osasunaren aurka lortutako garaipenaren ondoren, lehoiek 55 puntu pilatu dituzte Sevilla FC taldearen aurka jokatu aurretik. Villarreal CF zazpigarren postuan eta puntu bakarrera dutela (56), zuri-gorriek Emeryren taldeak Camp Noun ez irabaztea behar dute. Villarreal CF-ek galtzen badu, Athleticek nahikoa izango luke berdinketarekin, averagea irabazita baitauka. Ordea, talde horiak berdinketa lortzen badu, Marcelinoren mutilek hiru puntuak beharko dituzte zazpigarren postura igotzeko. Unai Emeryk zuzentzen duen taldeak Barçari irabaziko balio, lehoiak Europatik kanpo geratuko lirateke.

Bestalde, Txapeldunen Ligarako sailkatuta dagoen talde andaluziarra, sailkapenean gora egiteko eta Atletico de Madridi hirugarren postua kentzeko lehian dago. Gauzak horrela, LaLigako azken jardunaldia oso bizia eta borrokatua izango dela aurreikusi daiteke.

Deialdia

Conference Leagueko hurrengo ediziorako sailkapena lortzeko asmoz, Athletic Clubek jokalari guztiekin bidaiatu du gaurko partidarako.

Marcelino

Errepasatu hemen talde andaluziarraren eta bilbotarraren lehiaren aurretik Marcelino Garcia Toral entrenatzaileak egindako adierazpenak.

Aurkaria

Sevilla FC taldea 1890ean sortu zen eta 1934an Lehen Mailara lehen aldiz igotzea lortu zuen. Ordudanik bi aldiz jaitsi da mailaz, 97-98 eta 99-00 denboraldietan. Athleticek historia handiko taldea izango du aurrean, bere beira-arasetan gutxienez Lehen Mailako titulu bat duen bederatzi taldeetako bat, 1944-45 denboraldikoa. Sevilla FC taldeak, beste lorpen batzuen artean, Europako txapelketetan palmares handia dauka: 6 UEFA Europa League eta Europako Superkopa bat.

Julen Lopeteguik zuzentzen duen taldea LaLigako sailkapeneko laugarren postuan dago kokatuta, 67 punturekin, eta hirugarren postua lortzeko lehian sartu nahi du. Azken bost jardunaldietan lau berdinketa eta garaipen bat lortu ostean iritsiko dira denboraldiko azken partidara. Duela hilabete, apirilaren 21ean, Levanteren etxean irabazi zutenetik, ez dute hiru puntuak eskuratzea lortu.

Estadistikak

1934-35 denboraldian LaLigan jokatu zuten lehen partidatik, Sevillak eta Athleticek 155 partida jokatu dituzte guztira. Gutxigatik bada ere, talde zuri-gorriak balantze negatiboa du: 61 garaipen, 30 berdinketa eta 64 porrot.

Sevillarren eta bilbotarren arteko partidei dagokienez, Ramon Sanchez-Pizjuanen, Athleticek aurkako balantzea du 11 garaipen, 20 berdinketa eta 46 porrotekin.

Bi taldeen arteko azken bost norgehiagokei erreparatuz, datuak etxeko taldearen aldekoak dira. Lehoiek berdinketa eta garaipen bat eta hiru porrot erdietsi dituzte Sanchez-Pizjuanera egindako azken bost bisitetan.

Sevilla FC-ren aurkako datu estatistiko guztiak, hemen.

Athleticzaleak munduan zehar

Jarraitu edonondik gure Athleticen denboraldi honetako azken partida. Ez ezazu galdu!