undefined

“Athletic lehiakorra eta irabazlea eraikiko dugu”

“Athletic lehiakorra eta irabazlea eraikiko dugu”

Iker Muniain kapitaina oso motibatuta eta baikor agertu da denboraldiaurreko lehen saioaren ostean, eta “denok hobetzeko asmoa badugu, ziur talde gisa haziko garela” aitortu du

2022/23 denboraldia abian da. Athletic Clubek bere lehen entrenamendua osatu du Lezaman jende ugari zegoela eta lan saioaren ostean Iker Muniain kapitaina komunikabideen aurrean agertu da bere hasierako sentsazioak adierazteko. Lehenik eta behin, kargua utzi duten Zuzendaritza-Batzordeaz eta teknikariez gogoratu da eta ongietorria eman die berriei. “Hasi baino lehen, Aitor Elizegiri eta bere batzorde osoari publikoki eskerrak eman nahi dizkiet, beraiekin egon garen azken lau urte hauengatik, eta, baita Marcelinori ere, elkarrekin bizi izan dugun urte eta erdi bikainagatik. Hori esanda, ongietorria eman nahi diet, noski, Jon Uriarte presidente berriari, bere lantaldeari eta haiekin batera Ernesto Valverderi. Uste dut berritze-garai berri bat datorrela, anbizio, exijentzia eta ilusio handiarekin, esan diguten bezala. Athletic osatzen dugunon babes osoa dute urte zoragarriak izan daitezen eta gauza politak bizi ahal izan ditzagun. Hauteskunde-prozesuari dagokionez, oso adi egon naiz. Nire sentsazioa da oso gogorra izan dela eta hautagai guztien artean lehia handia egon dela. Onena da bazkideek iritzi desberdinak izatea, eztabaidak sortzea, bakoitzak bere ideiak azal ditzan. Honekin guztiarekin Klubak irabazten duela uste dut.

Valverderi buruz galdetuta, Muniain pozik agertu da bere itzulerarekin: “Oso pozik gaude hemen bera egoteagatik. Punta-puntako entrenatzaile honek oso ondo ezagutzen du etxea, urte asko eman baitzituen gurekin eta gauza politak lortu ahal izan genituen. Kirol arloan lau urtez sailkatu ginen Europa Leaguerako eta behin Txapeldunen Ligarako eta Superkopa bat irabazi genuen. Beste esperientzia bati ekiteko urrats bat ematea erabaki zuen unean, pena eman zigun, oso ondo geundelako. Hala ere, eutbola eta bizitza oso apetatsuak dira, eta patuak berriro elkarrekin lan egitea ekarri du. Izan zuen plantillatik gaurkora aldaketa asko daude. Pizgarri horrek ere motibatzen duela uste dut. Jokalari gazte batzuk gogor saiatzen ari direla ikusten du, berarekin egon ginenok ezagutzen dugu eta beste edonori bezala exijituko digu. Guztion artean Athletic lehiakorra eta irabazlea eraikitzen saiatuko gara, beti egiten dugun bezala. Jokalariez arduratzen den pertsona maitekor eta hurbila izaten jarraitzen du. Futbol ideiari dagokionez, ikusten joango gara, gaurkoa lehen entrenamendua baita. Ziur, beste guztiek bezala, gero eta esperientzia gehiago izan dituela, eta horrek hazten laguntzen diola. Munduko klub onenetako bat entrenatu du: FC Barcelona. Ikasteko eta hobetzeko beti dago denbora. Espero dugu guztion artean pixkanaka gauzak ateratzen joatea eta gozatzea.

Azkenik, hasi berri den denboraldi honetarako helburuei erreparatuz, zuri-gorrien 10 zenbakiduna argia izan da: “Beti esaten dugu ahalik eta anbizio handienekoak direla. Ligan, urteak daramatzagun Europako postu horietan sartzea eta Kopan edizio guztietan erakutsi dugu azkenera arte heldu garela. Denboraldi bikaina hasi da eta baikor gaude horri begira. Lezamara zatoz eta urte asko eraman arren beti ikusten duzu ilusioa jendearengan. Denak motibatzen nau. Albisterik onena gazteak denboraldiaurrea egitera etortzea da. Denok hobetzeko asmoa badugu, ziur talde gisa haziko garela, eta hori da eskatzen zaiguna“.