
Gaztedi Sokatira Taldearen ohorezko sakea Atleticoren aurka
Gaztedi Sokatira Taldearen ohorezko sakea Atleticoren aurka
Munduko Txapelketatik beste urrezko domina batekin itzuli ondoren, Laukizko taldea omenduko dute larunbat honetan San Mameseko partidaren atarian
Atletico de Madriden aurkako partida hasi aurretik, San Mamesek Gaztedi Sokatira Taldeko kideen ohorezko sakea biziko du larunbat honetan. Athletic Clubek Laukizko taldea omendu nahi du horrela, aurten ere bere oinak munduko podiumaren gailurrean jarri dituelako.
Bizkaitarrak duela gutxi itzuli dira Holtenen (Herbehereak) jokatu diren lur gaineko Munduko Sokatira Txapelketetatik. Aurreko edizioetan koronabirusaren pandemiak eragina izan zuen, baina aurten Gaztedik lehia oparoagoa eta, ondorioz, handiagoa izan du. Horrek baliotsuagoa egiten du lortutako arrakasta. Laukizko koadrilak urrezko domina lortu zuen bere proba gustukoenean, 560 kilokoan. Garaipen horrekin, iaz Getxon lortutako munduko titulua berretsi zuen, hain zuzen ere, Sinseko talde suitzarraren aurka.
Kluben arteko probak amaituta, Gaztediko zortzikoak Euskal Herria ordezkatu zuen naziokako Munduko Txapelketako tiraldietan. Multzoen fasea estutasunik gabe gainditu eta finalerdietan sartu ondoren, China Taipeiren ordezkaritza garaitu zuen. Suitzako selekzioaren aurkako finalean galdu egin zuten, ez polemikarik gabe epaileen erabaki batzuen ondorioz, eta zilarrezko dominarekin konformatu behar izan ziren Faduran sinatu zuten binakakoa lortu ezinik.
Gaztedi 1961ean Laukizen sortutako kluba da eta Euskal Herrian tradizio handia duen kirol hau munduko sokatiraren maila gorenetara eraman du.
Erlazionatutako partidak
Athletic Club - Atlético de Madrid


