"Zaila da, baina hiru puntuak nahi ditugu"

"Zaila da, baina hiru puntuak nahi ditugu"

Ernesto Valverdek azpimarratu duenez, "taldea beti ari da irabazteko borrokan, eta gertu egon da partida guztietan"

Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzaileak bere iritziak eman ditu FC Barcelonaren aurka Spotify Camp Noun jokatuko duten LaLigako hamaikagarren jardunaldiaren atarian. Zelai horretan lehiatzea zaila bada ere, anbizio handiz mintzatu da: "Aurrean dugun aurkaria da eta hiru puntuak nahi ditugu. Badakit zaila dela, zelai zaila da eta haiek ondo daude. LaLigan maila bikaina eskaintzen ari den taldea da. Aurrekoan lehen partida galdu zuten eta ordura arte, berdinketa bat ezik, beste neurketa guztietan garaiopenak lortu zituzten. Sufritu egin behar dugu, baina argi dago saiatuko garela. Taldea beti ari da irabazteko borrokan eta jokatu dituen partida guztietan irabazteko gertu egon da".

Oraingoan, aurkariaren ezaugarriek baldintzatuta, beste partidu plan bat ote duen galdetuta, tekinikari zuri-gorriak argi hitz egin du: "Jokatzeko eta partidak eramaten saiatzeko modu bat dugu. Jakina, aurrean dugun aurkaria kontuan hartu behar dugu. Oso jende azkarra dute goian, espaziora oso ondo doazen hegalekoak. Hala ere, gure jokoa egiten saiatuko gara. Argi dago talde bakoitzak gutxi gorabehera zer egiten duen erakutsi behar duela zelaian, nahiz eta neurri batean arerioari egokitu. Horretarako ari gara lanean egunero".

Valverdek talde kataluniarra zuzendu zuen bi denboraldi eta erdiz eta, beraz, ondo ezagutzen duen leku batera itzuli zen: "Funtsean denok ezagutzen dugu elkar, baina gero zailtasuna hor dago. Jakina, gako batzuk ezagutzeak beti lagun diezazuke, baina, aldi berean, indarguneak ezagutzen dituzu, eta egia da, halaber, nik nuen taldetik orain dagoen taldera gauza asko eta jokalari dezente aldatu direla. Kontuan izan behar dugu Bartzelona dela LaLigako jabetza-indize altuena duen taldea, eta, gainera, jabetza horri eustera jokatzen duela. Gero, oso gogor estutzen dute goiko aldean eta zure arearen kontra bultzatzen zaitu zure irteera eragozteko. Egoera hori gainditzeko edo gutxienez saiatzeko gaitasuna izan behar dugu".