
"Hiru puntu hauek indartu egiten gaituzte"
"Hiru puntu hauek indartu egiten gaituzte"
Ernesto Valverdek garrantzitsutzat jotzen zuen partida aurrera ateratzea, lau jardunalditik baitzetozen irabazi gabe eta "ez genuen dinamika hau luzatzerik nahi"
Athletic Clubeko entrenatzailea, Ernesto Valverde, pozik agertu da lehoiek Vilarreal CF-en aurka 1-0 irabazi ostean San Mamesen: "Oso partida lehiatua eta polita izan da ikusteko, ona guretzat, eta indartu egiten gaitu funtsezko hiru puntu direlako. Haiek oso ondo hasi dira, eta arazoak izan ditugu atzetik jokatzen ateratzen zirenean, eta oso aske iristen zitzaizkigun areako eremu jakin batzuetara. Uste dut lehen minutuen ondoren hobeto aritu garela, zerbait aldatu dugu presioa egiteko orduan eta hobeto joan zaigu. Ikusten zen haiek ezin zutela hasieran bezain erraz aurrera egin, eta gero aparte erritmoa altua zela. Bigarren zatian horrela jarraitu dugu eta hortik etorri dira aukerak".
Gainera, tekinikari zuri-gorriak garaipenak duen meritua azpimarratu nahi izan du, aurkariaren entitatea eta egindako jokoa direla eta: "Asmoa beti daukagu, baina aurrean nor dagoen baloratu behar da. Batzuetan lor dezakezu eta beste batzuetan pixka bat desdoitzen zara, beranduzeago iristen zara edo arerioak jokalari apartak ditu, kasu honetan bezala. Horrek ziurgabetasuna sortzen dizu, haiek pasatzen gintuztelako eta azkar iristen zirelako azken lerrora. Ez dute aukera argirik izan, baina ez geunden eroso. Baloiaren jabetza zeukaten eta berriz elkartu behar izan gara. Arriskua sortzen duzunean eta baloia edukita, berrelikatu egiten zara. Gol gehiago sartzeko aukera izan dugu, horretarako aukerak izan ditugulako. Beste une batzuetan bihurtu egingo ditugu. Abagune batekin 1-0 irabaztea edo hamar edo hamabirekin irabaztea aukeratu behar badut, bigarrena nahiago dut, horrek berme eta konfiantza handiagoa ematen baitit".
Azkenik, Valverdek bere taldea bide onetik doala berretsi du: "Argi daukagu gure bidea jarraitu behar dugula. Denboraldian zehar beti daude une batzuk dena ondo doakizunak eta beste batzuetan estropezu egiten duzu eta emaitzak ez dira zuri gustatuko litzaizukeen bezala ateratzen. Kontua da beti azpimarratzea bidea ona dela. Partida hau garrantzitsutzat jotzen nuen lau jardunalditan garaipenik lortu gabe gentozelako, Vila-realek gure puntu berberak zituen eta aurreko egunean modu argian galtzetik gatozen. Ez genuen dinamika hori luzatzerik nahi".