San Mameseko festa handiaren egitaraua hilaren 29rako

San Mameseko festa handiaren egitaraua hilaren 29rako

Familia athleticzaleak Klubaren 125. urteurrenaren inaugurazioa topera goza dezan, hona hemen eguneko ekitaldiak eta sarbide plana

Athletic Cluben 125. urteurrenaren inauguraziorako astebete baino gutxiago falta da eta San Mames festa guztiz zuri-gorria bizitzeko prestatzen ari da.

Abenduaren 29ko arratsaldea "San Mames, kantuz"-ekin hasiko da, familia athleticzaleak elkarrekin abesteko sortutako ekitaldi batekin. Antolatzaileek euskal kantutegiko 16 klasiko aukeratu dituzte, arratsaldeko 17:30etik aurrera San Mamesera bertaratutako guztiek batera abestu dezaten Bilboko Koral Elkartearekin, Taberna Ibiltariarekin, Los Chimberosekin eta Iñigo Cabacas Herri Harmailarekin. 

125. urteurrenaren ongi etorria kantuan elkarrekin jasotzeak lotura zuzena du Athleticen sustraiekin eta taldeak futbolaren elitean duen nortasun bakarrarekin, non zale zuri-gorriak protagonista nagusiak diren. 16 abestiak biltzen dituen liburuxka laster egongo da webgunetik deskargatu eta banatzeko moduan.

18:45ak aldera, 125. urteurreneko bandera ofiziala igoko da San Mamesen. Jose Angel Iribarrek eta Eli Ibarrak, Igor San Roman Zuzendaritza-Batzordeko kidearekin batera, emango dioe igoeraren botoiari, Bilboko Abesbatzak Agur Jaunak eta Andreak abesten duen bitartean.

Azkenik,  DAZN streaming plataformaren laguntzari esker, Real Betis-Athletic Club partida pantaila erraldoietan ikusi ahal izango da. Klubak sei pantaila jarri ditu guztira, Iparreko, Nagusiko eta Ekialdeko harmailei begira, publikoari irekitako eserleku guztietatik neurketa ikusi ahal izateko.

Hiru ekitaldi nagusi horiez gain, Klubak hainbat sorpresa eta zozketa gehiago prestatu ditu 125. urteurrenaren inauguraziorako. 

Sarbide plana

Sarrera erreserbatu beharrik gabeko doako ekitaldia denez, Klubak sarbide plan berezia ezarri du, 125. urteurrenaren inauguraziora joango den publikoaren banaketa egokia errazteko.
 

Ateak 16:30ean irekiko dira. Athletic Clubek ekitaldira joan nahi duten pertsonei behar besteko aurrerapenarekin joateko eskatzen die, azken orduko pilaketak saihesteko. Arratsaldeko 16:30etik 17:30era, "San Mames, kantuz" hasiko den unea, musika eta sorpresa ezberdinak izango dira giroa berotzeko. Ohiko edariez gain, garagardoa eta kalimotxoa erosi ahal izango dira San Mamesen. 

Jendearentzat irekiko diren lehen sarbideak Iparraldeko Harmailakoak izango dira. Zonalde horretan egongo da arratsaldeko ekitaldietarako agertokia. 7., 8., 9. eta 13. ateak (Ipar Behe-Herri Harmaila) eta 11. eta 12. ateak (Ipar Goikoa) izango dira irekitzen lehenak. Horiek guztiek eszenatokitik gertu dauden harmailetako sektoreetara eramaten dute.

Ekitaldira joaten den pertsona orok honako hau hartu beharko du kontuan: partida egunean, Iparraldeko Behe Harmaila (7., 8., 9. eta 13. ateak) Herri Harmailari dagokio, jendea zutik egoteko diseinatutako animazio harmailen eredua jarraituz. Ipar Goi Harmaila (11. eta 12. ateak), aldiz, eserleku normalez osatuta dago, eta, beraz, Klubak haurrak edo adinekoak dituzten familiei eremu horretara sartzea gomendatzen die.

Klubak edukiera handiagoa behar dela ikusten badu, berehala irekiko ditu Ekialdeko Beheko Harmaila (14., 15. eta 16. ateak) eta Beheko Harmaila Nagusia (1., 2. eta 3. ateak). Antolakuntzako kideek, estadioaren inguruetan banatuta, ate berriak berehala irekiko direla jakinaraziko dute.

Irekiera berri hori nahikoa ez balitz, Klubak berehala irekiko lituzke Goiko Harmaila Nagusia (4. eta 6. ateak) eta Ekialdeko Goi Harmaila (17., 18. eta 19. ateak).

Tribuna horiek bete ondoren, ekitaldi honetarako edukiera osatutzat emango litzateke. Klubak Hego Harmaila gorde du tifoak jartzeko.

San Mamesera sartzeko eta bertan egoteko arauak partida egunetako ohikoak izango dira. Estadiotik irten eta berriro sartu nahi duen edonor bisitari berritzat hartuko da. Beraz, pertsona batek beteta dagoen harmaila uzten badu, ezin izango du tribuna horretara itzuli, eta irekita dauden zelaiko harmailetara bakarrik itzuli ahal izango da. Ate guztiak erabat itxita badaude, ateratzen den inor ezingo da estadiora itzuli.

Antolakuntzako langileek uneoro gidatuko dute jendea, zelaian errazago sar daitezen.

Edaritegiak irekita egongo dira San Mameseko ateen irekieratik (16:30ean) eta musika eta sorpresa ezberdinak egongo dira ekitaldiak hasi arte.