Partida aurrekoa: Valencia CF - Athletic Club (LaLiga 21. J)

Partida aurrekoa: Valencia CF - Athletic Club (LaLiga 21. J)

Lehoiek LaLigan bigarren garaipena jarraian lortu nahi dute Mestallan, San Mamesen lehen itzulian eta Kopako final-laurdenetan gainditu zuten taldearen aurka

Athleticek garaipena lortu eta aurkari zuzen gehienek punturik pilatu ez zuten jardunaldi baten ostean, lehoiak Europarako borrokan sartu dira berriro. Gaur gauean (21:00etan) Valencia CF taldea bisitatuko dute Mestallan, denboraldiko unerik txarrenean eta jaitsiera postuetatik puntu bakarrera dagoena.

Zuri-gorriek bi aste pasatxoan Mestallara egingo duten bigarren bisita izango da; izan ere, urtarrilaren 26an etxetik kanpo jokatu zuten Valenciaren aurka Kopako final-laurdenetan (1-3). LaLigako lehen itzulian 1-0 irabazi zuten zuri-gorriek Bilboko Aste Nagusian, Berenguerren golari esker.

Deialdia

Talde zuri-gorriaren entrenatzaileak 22 jokalari deitu ditu Valencia CFren aurka jokatzeko. Iskiotibaletan gainkarga muskularra izan eta LaLigako azken bi neurketak galdu ostean, Iñaki Williams partidako zerrendara itzuli da. Bestalde, Ander Herrera, biceps femoralean lesio batekin, eta Iñigo Martinez, oraindik faszitis plantarrak jota, baja dira. Gainera, Yurik partida bateko zigorra beteko du bost txartel hori ikusi ostean. Bestalde, Iru hirugarren atezain gisa deialdian sartu da.

Valverde 

Hemen errepasatu Ernesto Valverderen adierazpenak osorik, 21. jardunaldiko neurketaren atarian. 

Aurkaria

1919ko martxoaren 18an sortua, 104. urteurrena betetzear dago eta laugarren postuan dago LaLigako sailkapen historikoan. Maila goreneko 92 edizioetatik 88 jokatu ditu. Nazioartean garaikur gehien lortu dituen Espainiako laugarren kluba da, Europako zazpi titulurekin eta bere bitrinetan sari gehien dituen bosgarrena: 23 Liga, zortzi Kopa, Espainiako Superkopa bat, Eva Duarte Kopa bat, UEFA Kopa bat, bi Feria Kopa, bi Europako Superkopa, Europako Errekopa bat eta Intertoto Kopa bat. Gainera, Valentziako taldea bi aldiz izan da Txapeldunen Ligako finalista, 2000 eta 2001 urteetan.

Hala ere, bere egungo egoera ez da hain gozoa.Talde che-a LaLigako azken postuetara gerturatzen ari da. Gainera, erakundea egoera ezegonkorrean murgilduta dago. Gennaro Gatussok entrenatzaile izateari utzi zion eta Salvador Gonzalez "Voro" da berriz ere aulkiaren buru, zortzigarren aldiz, hainbeste maite duen klubaren egoera delikatu hau bideratzen saiatzeko. Ez du erregulartasunaren txapelketan irabazterik lortu Munduko Txapelketako geldialdiaren ostean eta Mestallako zaleak ez daude oso pozik beren jokalarien jardunarekin.

Estatistikak

1931/32 denboraldian LaLigan lehen norgehiagoka jokatu zutenetik, Valenciak eta Athleticek 175 partida jokatu dituzte guztira, 63 garaipen, 45 berdinketa eta 67 porroteko balantzearekin.

Mestallan jokatutako partidei dagokienez, Athleticek 13 garaipen erdietsi ditu, 24 berdinketa eta 50 alditan galdu du. 

Bi taldeen artean Mestallan jokatutako azken bost norgehiagokei erreparatuz, Athleticek bat irabazi du, bi aldiz galtzaile atera da eta azkenengo bi bisitetan berdindu egin du.

Kontsultatu hemen Valencia CFren aurkako estatistika guztiak.

Athleticzaleak munduan zehar

Zauden tokian zaudela, ziurtatu ez duzula gure Athleticen partida galduko.