Balenziaga: "Athleticekoa izango naiz hil arte"

Balenziaga: "Athleticekoa izango naiz hil arte"

12 denboraldiren ondoren ekainean Kluba utziko duela iragarri ondoren, aldagelako balioen transmisioaren garrantzia nabarmendu du : "Gehien harrotzen nauena hori da , horretan lagundu izana"

Mikel Balenziagak agerraldia egin du San Mameseko Jose Iragorri prentsa aretoan, denboraldia amaitu ostean Athleticen jarraituko ez duela iragartzeko: "Naturaltasun osoz hartutako erabakia da, entrenatzailearekin eta klubarekin adostutakoa. Ez da agurra oraindik, hilabete eta erdi geratzen baita ikasurtea bukatzeko, bederatzi partida erabakigarrirekin, eta helburua hortxe dago: Europarako sailkapena", adierazi du atzelari zuri-gorriak.

Lehen lau ilaretan bere taldekideak, entrenatzaileak, zuzendaritza batzordea eta Klubeko beste kide batzuk, Iribar mitikoa kasu, egon dira. Balenziagak hunkituta adierazi du "Gurpegui, Garmendia, De Marcos, Urrutia edo Txopo bezalako jendeagatik" Athleticekoa izango dela "hil arte". "Hona iritsitakoan erakutsi zizkidaten Athleticen balioak transmititzen lagundu izana da gehien harrotzen nauena. Hau familia handia da eta oso bizirik dago", gehitu du. 

Bederatzi jardunaldi ditu oraindik aurretik Balenziagak Athleticekin lortuko lukeen seigarren sailkapen kontinentalagatik lehiatzeko. Gerora, ez du erreteroa hartuko: "Futbolean jokatzen jarraitu nahi dut, ilusio handiarekin jarraitzen dut, indarrak ditut eta jarraitzeko gogoa dut".

Jon Uriartek, eguneko protagonistari hitza eman aurretik, Balenziagaren "konpromiso agortezina" azpimarratu du, Athleticen egindako "ibilbide ikaragarrian", eta 'Ez dadila haria eten' izena duen kamiseta bat eman dio: "Klubeko edozein pertsonarekin hitz egiten baduzu, inork ez dizu ezer txarrik esango Mikeli buruz", esan du.