“Denboraldiko zati erabakigarrienean gaude”

“Denboraldiko zati erabakigarrienean gaude”

Valverdek taldeak "autokonplazentziatik ihes egin" eta aurreko jardunaldietan bezala puntuak lortzeko borrokatu behar duela argi dauka

Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzaileak bere iritzia eman du bihar, 16:15etik aurrera, UD Almeriari bisita egin aurretik. Aurreko astean San Mamesen jokatutako euskal derbian Reala mendean hartu ondoren heltzen dira lehoiak: "Bi garaipen jarraian lortu ditugu. Ondo dago, baina bihar ere irabaztea ezinbestekoa da. Autokonplazentziatik ihes egin behar da eta aurreko jardunaldietan garaipena lortzeko ondo egindakoan zentratu behar gara, denboraldiko zati erabakigarrienean baikaude. Oso denbora laburrean lau partida jokatu behar ditugu eta gauza asko erabakiko dira. Aurreko jardunaldietan bezala, puntuak lortzeko beharra dugula pentsatu behar dugu".

Aurkariari buruz, entrenatzaile zuri-gorriak honako hau dio: "Oso talde indartsua da etxean. Guk baino puntu gehiago atera dituzte, zailak dira gainditzen. Gainera, erasoko estrategiari dagokionez LaLigako talde onena dela uste dut”.

Azkenik, Ernestok ez dio Mikel Balenziagaren inguruan hitz batzuk eskaintzeko aukera galdu nahi izan, atzo denboraldia bukatzerakoan Athletic utziko duela iragarri ostean: "Oso berezia da hemen gauden guztiontzat. Ikuspuntu teknikotik Balenziagak baino talentu handiagoa duten jokalariak entrenatu ditut, baina taldearekiko duten bultzadarekin, kontzentrazio-mailarekin, sendotasun mentalarekin eta gainerako taldekideekiko enpatiarekin... Beti ikusten du gauzen puntu positiboa, ez dut horrelako jokalari asko entrenatu. Hori ez da erraz aurkitzen. Mikelek beti izan du pentsamolde hori, jokatu edo ez jokatu”.