Partida aurrekoa: CA Osasuna - Athletic Club (LaLiga 36. J)

Partida aurrekoa: CA Osasuna - Athletic Club (LaLiga 36. J)

Datorren denboraldian Europako txapelketetarako sailkatzeko hautagaiak diren bi talderen arteko lehia zuzena

LaLigaren amaiera gerturatzen ari da eta Athletic Clubek zazpigarren postua lortzeko borrokan murgilduta jarraitzen du, datorren denboraldian Conference Leaguea jokatzeko eskubidea ematen duena. Gaur gauean, 21:30etik aurrera Sadarren, lehoiek euren helburu kontinentala betetzeko asko izango dute jokoan. CA Osasunaren aurka neurtuko dituzte indarrak, guda horretan arerio zuzena dena eta orain zuri-gorriek baino hiru puntu gutxiago dituena. Nafarroako hiriburuan gertatzen denaren araberakoa izango da sailkapenaren bilakaera, partida honen ondoren beste bi bakarrik geratuko baitira txapelketa amaitzeko.

Deialdia

Teknikari zuri-gorriak 22 jokalari deitu ditu gorritxoen aurka lehiatzeko. Iñigo Martinez, Yeray, Dani Garcia, Ander Herrera eta Morcillo baja dira lesioengatik. Berritasun nagusia Junior Bita da, Santutxutik Lezamara iritsi zen bigarren taldeko jokalaria, lehen aldiz deialdi batean sartu baita. Unai Gomez eta Adu Ares Bilbao Athleticeko jokalariak, berriro zerrendan.

Valverde

Errepasatu hemen nafarren eta bilbotarren arteko norgehiagokaren atarian Ernesto Valverdek egindako adierazpenak.

Aurkaria

Club Atletico Osasuna 1920ko urriaren 24an sortu zen, eta egun horretan bertan jokatu zuen bere historiako lehen futbol partida. LaLiga Santanderreko lau klub profesional bakarretako bat da, Real Madrid, FC Barcelona eta Athletic Clubekin batera, kirol sozietate anonimo bat ez dena; hau da, klubaren jabetza bazkideek dute. Talde gorritxoaren egungo historia errepasatzen badugu, Osasunak Txapeldunen Ligako atariko fase batean eta UEFA Kopako lau ediziotan parte hartu du, 2006/07 denboraldian txapelketa honetako finalerdietara iritsiz.

Arazo ekonomikoak tarteko, Lehen Mailan 14 urte eman ondoren, 2013/14 denboraldian Bigarren Mailara jaitsi eta igoeraz eta jaitsieraz beteriko garaia hasi zuen: 2015/16 denboraldian, maila galdu eta bi urtera, play-offa irabazi zuen Girona FC-ren aurka eta galdutako tokia berreskuratzea lortu zuen. Urtebete iraun zuen maila gorenera itzultzeak, hurrengo denboraldian berriro ere maila galdu baitzuten, orain arteko azken jaitsiera izan dena. Jagoba Arrasaterekin batera (2018/19), CA Osasuna LaLiga SmartBankeko txapelduna izan zen eta ordutik Lehen Mailan jarraitzen du. Berriatuko entrenatzailearen lana ez da oharkabean pasatu, eta, hainbat urtez gorantzako bidea hartu ondoren, gaur egun Athletic Cluben borroka berean murgilduta dago talde nafarra.

Osasunak bi garaipen eta hiru porrot kateatu ditu LaLigako azken bost jardunaldietan, eta Kopako finalean galdu ere zuen. Hala ere, Europarako sailkatzeko lehian jarraitzen du eta azken segundora arte borrokatuko du Athletic, Girona FC eta Sevilla FC taldeekin egitasmo hori betetzeko.

Estatistikak

1936an LaLigan lehen norgehiagoka jokatu zutenetik, Athletic Clubek eta CA Osasunak 83 partida jokatu dituzte guztira. Honako hauek izan dira lehoiek lortu dituzten emaitzak: 41 garaipen, 23 berdinketa eta 19 porrot.

Sadarren jokatutako neurketei dagokienez, Athleticek 18 irabazi, 11 berdindu eta 12 galdu ditu.

Iruñean bi taldeen artean jokatutako azken bost lehiei erreparatuz, datuak onak dira talde zuri-gorriarentzat. Athleticek lau garaipen erdietsi ditu eta partida bakarra galdu.

Kontsultatu CA Osasunaren aurkako estatistika guztiak.

Athleticzaleak munduan barrena

Zauden lekuan zaudela, ziurtatu gure Athleticen neurketa ez galtzeaz.