
Dena prest 2023-24 LaLigako egutegiaren zozketarako
Dena prest 2023-24 LaLigako egutegiaren zozketarako
Ostegun honetan, 12:00etan, Athletic Clubek abuztuaren 11n hasi eta maiatzaren 26ko asteburuan amaituko den txapelketako partiden ordena ezagutuko du
Datorren ostegunean, 12:00etan, LaLigaren egutegia ezagutuko dugu eta dagoeneko zehaztuta daude Athletic Clubek aurkari izango dituen 19 taldeak. Azkena, Deportivo Alaves, larunbatean Lehen Mailarako txartela lortu baitzuen talde gasteiztarrean utzita dagoen Asier Villalibre jokalariak neurketako azken minutuetan erdietsitako golarekin. Beraz, datorren denboraldian hiru euskal derbi izango ditugu maila gorenean.
Babazorroekin batera, lehoien aspaldiko bi ezagun itzuli dira elitera: Granada CF eta UD Las Palmas. Nazaretarren kasuan, urtebete geroago Bigarren Mailako txapeldun izatera igo dira, eta haiengandik puntu gutxira bigarren postuan, uharteetako taldeak andaluziarrarekin batera sailkapen matematikoa lortu zuen azken jardunaldian. Gauzak horrela, Athletic Clubek Kanaria Handia bisitatuko du berriro, bost denboraldiren ostean.
Honako hauek dira datorren denboraldian LaLiga osatuko duten 20 taldeak: Deportivo Alaves, UD Almeria, Athletic Club, Atletico de Madrid, FC Barcelona, Cadiz CF, RC Celta, Getafe CF, Girona FC, Granada CF, UD Las Palmas, RCD Mallorca, CA Osasuna, Rayo Vallecano, Real Betis, Real Madrid, Reala, Sevilla FC, Valencia CF eta Vilarreal CF.
Berritasun gisa, Valverderen taldeak Montjuicen jokatuko du berriro, 2009ra arte RCD Espanyolen estadioa izan den zelaian. Paradoxikoa den arren, ez du talde perikoaren aurka jokatuko, azken denboraldi honetan Bigarren Mailara jaitsi baita. Horien aurkari nagusiaren aurka arituko da, FC Barcelonaren kontra, Camp Nou berriaren lanak martxan jarri ondoren Estadio Olinpikoan jokatzera behartuta dagoena.
Beraz, nobedade guzti horiekin, Athleticek ostegunean jakingo du 2023/24 LaLigako egutegiaren konfigurazioa. Datu gisa, azken bost denboraldietan zoriak lehoiek lehiaketako azken jardunaldia etxetik kanpo jokatzea erabaki du. Hain zuzen ere, San Mamesen txapelketa bukatu zen azken ikasturtea 2017/18-an izan zen, RCD Espanyolen aurka.