
Athleticek Real Madriden aurka hasiko du LaLiga
Athleticek Real Madriden aurka hasiko du LaLiga
Lehoiek San Mamesen ekingo diote txapelketari abuztuaren 13an eta Rayo Vallecano izango dute azken arerio gisa maiatzaren 26an Madrilen
Athletic Clubek Real Madriden aurka neurtuko ditu indarrak 2023/24 LaLigako lehen jardunaldian. Abuztuaren 13ko asteburuan San Mamesen jokatuko den bilbotarren eta zurien arteko partidak 5. aldiz irekiko du txapelketa, 1963/64 denboraldian azken aldiz hau gertatu ondoren. Bestalde, lehoiek Rayo izango dute arerio txapelketa ixteko maiatzaren 26ko asteburuan. Denboraldi honetan nabarmentzen da txapelketa pasa den urtekoa baino lehenago amaitzen dela, datorren udan Eurokopa jokatuko baita Alemanian.
Euskal derbiei dagokienez, Osasunaren, Alavesen eta Realaren aurka, zuri-gorriek ia jarraian jokatuko dituzte bisitari gisa denboraldiaren hasieran. Talde nafarra bisitatuko dute Sadarren abuztuaren 20an (2. J), arabarrak Mendizorrotzan irailaren 24an (6. J) eta gipuzkoarrak urriaren 1ean (8. J). Bigarren itzulian, talde zuri-gorriak Reala hartuko du Katedralean urtarrilaren 13an (20. J), Alaves martxoaren 17an (29. J) eta Osasuna maiatzaren 12an (35. J).
LaLigako lehen jardunaldiak
Athletic Clubek Realaren aurka 1929an jokatu zuen txapelketako lehen neurketa, eta, ordutik, zuri-gorriek 32 aurkari ezberdinekin lehiatu dira denboraldiko lehen jardunaldian; 92 norgehiagoketatik, Athleticek 54 jokatu ditu etxean eta 38 etxetik kanpo, 38 garaipen, 19 berdinketa eta 35 porroteko balantzearekin.
FC Barcelona izan da Athleticen arerio ohikoena LaLigako estreinaldian: Katalanek eta bilbotarrek 10 aldiz neurtu dituzte indarrak lehen partidan. Real Madriden aurka, orain arte, lau aldiz estreinatu dira lehoiak liga txapelketan. 1929/30 deboraldian, historiako bigarrenean eta Mr Pentland aulkian zela, garaipen zuri-gorri bakarra eman zen San Mamesen, 2-1 Unamuno I.aren bi golei esker. 1931/32 eta 1945/46 ikasturteetan 1-1 amaitu ziren norgehiagokak talde zuriaren zelaian, eta arestian aipatu dugun azken aurrekarian, duela 60 urte, lehoiek 3-1 galdu zuten Santiago Bernabeura egindako bisitan.
Lehoiek lehen jardunaldiko neurketan lortutako garaipenik handiena 1932/33 ikasturtean izan zen, Real Betisi Katedralean 9-1 irabazi ziotenean. Etxetik kanpoko garaipenik handiena, berriz, 1958/59an izan zen RC Celta 0-3 gainditu ostean.