"Talde osoagoa dugu aurten joan den denboraldian baino"

"Talde osoagoa dugu aurten joan den denboraldian baino"

Jon Uriartek eta Mikel Gonzalezek, Athletic Clubeko presidenteak eta futbol zuzendari nagusiak, taldearen helburua sailkapen-maila hobetzea eta Europan sartzea dela adierazi dute

Jon Uriarte Athletic Clubeko presidenteak eta Mikel Gonzalez futboleko zuzendari nagusiak denboraldi hasierari eta fitxaketen merkatuaren itxierari buruzko kirol balorazioa egin dute gaur goizean. Gainera, Athleticen lehen bi taldeentzako kirol helburuak ezarri dituzte: gizonezkoetan Europako sailkapena lortzea eta emakumezkoetan lehen zortzi taldeen artean lehiatzea.

"Europan sartzea, zalantzarik gabe, zaila da, sei urte baitaramagu lortu gabe. Baina sei denboraldi izan dira pauso batera geratu garela, beraz, ez dut uste inork uste duenik sailkatzea helburu bideraezina dela", azaldu du presidenteak.

"Iaz baino gizonezko plantilla osoagoa dugu, posizioaren arabera aukera gehiagorekin. Galarretaren fitxaketak taldeari zelai erdian behar zituen ezaugarriak eman dizkiola uste dugu, eta iaz Bigarren Mailan lagatako lau jokalari taldean finkatu izanak ere indartzen gaitu. Martonekin aurrealdean epe ertain-luze baten aldeko apustua egin dugu, hiru denboraldirako kontratuarekin eta orain Mirandesen minutuekin garatzen jarraitzeko aukerarekin", azaldu du Mikel Gonzalezek.

"Helburuak ezartzeak ez du esan nahi lehenengoan lortzen dituzunik, ezta beti lortzen dituzunik ere, baina horiek lortzeko ahalik eta planik onena ezarri duzula esan nahi du. Denboraldi honetan, aurrekoan falta izan zitzaigun azken pauso hori eman behar dugu, eta Europara iritsi behar gara. Klubeko estamentu ezberdinekin adostasunean erabakitako zerbait da: Zuzendaritza Batzordea, talde teknikoa, jokalariak eta zuzendari nagusia. Jakin badakigu LaLigan partida bakoitza irabaztea oso zaila dela, baina oso gertu gaude eta ez dugu uste lortu ezin daitekeen helburua denik", gaineratu du Jon Uriartek.

Emakumezkoen taldeari dagokionez, presidenteak joan den denboraldiko hamargarren postua hobetzeaz hitz egin du: "Aurrean izango ditugun talde handien jakitun gara, baina zortzi talde onenen artean lehiatu nahi dugu. Gizonezkoetan bezala, inplikatutako alde guztiekin adostasunean ezarritako helburua da hau".

"Oso pozik gaude Xabier Arrieta emakumezkoen futbol zuzendariarekin batera denboraldi honetarako eta hurrengoetarako osatu dugun taldearekin. Taldea eliteko futbolean sendotzeko urtea da, posizio ezberdinetan, batez ere aurrealdean, Nahikari, Sanadri eta Zugasti jokalariekin", azaldu du Mikel Gonzalezek.

Futboleko zuzendari nagusiak oinarrizko futbolaz ere hitz egin du denboraldiari begira: "Lehen taldeak ahalik eta futbolari gehienekin hornitzea da helburua". 

Fitxaketen merkatua

Mikel Gonzalezek azaldu duenez, Athletic Clubek fitxaketen merkatuan hiru postu indartzeko lan egin du. Aurrealdean, "Klubak epe ertain-luzerako apustua egin du Martonekin", adierazi du futboleko zuzendari nagusiak. "Zelai erdia hobetu dugu Galarretaren fitxaketarekin", gaineratu du, eta erdiko atzelari posturako "bi fitxaketa egiten saiatu gara, baina ez dira gauzatu hainbat arrazoirengatik. Jokalarietako batek Championseko proiektu batean jarraitzea erabaki du eta besteak beste bi urteko kontratua zuen bere klubarekin. Azkenean, fitxaketa bat ez da soilik biren kontua, baizik eta hirurena", Manchester Cityri eta jokalaria Saudi Arabiako taldeari saltzeko hartutako erabakiari erreferentzia eginez.