Euskal Non-League Day: Cultural – Padura

Euskal Non-League Day: Cultural – Padura

Durangoko Kultur Elkartea 1919an sortu zen, eta kirol-lorpenak harrobiko lan historiko eta bikainarekin uztartzen ditu

1919an durangar talde sutsu batek Durangoko Kultur Elkartea sortu zuenetik, talde bizkaitarrak lehen mailako futbolariak sortu ditu, horietako batzuk funtsezkoak Athletic Cluben 125 urteko historian. Euskal Non-League Day txapelketan etxeko taldea izango da Arrigorriagako Padura taldearen aurka, larunbatean, 17:00etan, Tabira zelaian.

Euskal Non-league Day ekimenean jokatuko diren gainerako partidetan bezala, atsedenaldian Athleticeko lehen taldeen elastikoen zozketa egingo da, baita datorren asteburuan San Mamesen Cadizen aurka jokatuko den partidarako bi VIP sarrerena ere.
Ezkurdioste, herriko frontoi zaharraren atzean, Ertzimingogane, Iurretan, eta San Fausto 1925era arte, izan dira “Cultu”-ko futbol zelaiak, 1949an egungo Tabira inauguratu zen arte. Azken honetan kirol-ibilbidearen denbora gehiena Hirugarren Mailan egin du (brontzezko kategoria 1977ra arte), noizbehinkako denboraldiak Bigarren B Mailan eta zenbait aldi Eskualde Mailan egon delarik.

Zale txuri-urdinen oroitzapen historikoan, 1946-1947 denboraldian gertatutakoa dago, klubak berak “futbolaren historiako jauntxokeria federatiborik handientzat” jotzen duena. Denboraldi hartan, SD Culturalek Hirugarren Mailan jarraitzeko kanporaketa jokatu zuen, eta Real Unionen aurkako azken partidan ziurtatu zuen, San Fauston irabaziz. Hala ere, federazio-agintariek probintziako hiriburuek “kategoria nazionaleko” taldea izan behar zutela uste zuten, eta bulegoetan “Cultu”-ren jaitsiera eta Soriako Numancia salbatzea erabaki zuten.

Futbolarien haztegia

Durangaldea beti izan da haztegi Athleticentzat eta Durangoko Kulturalarentzat, Lezamarako eta San Mameserako futbolariak erakartzeko bide nagusia. Bi klubetan aritu diren jokalarien artean, Txetxu Gallego, Carlos Garcia, Andoni Cedrun, Josemari Lasa, Patxi Garate, Ignacio Garate, Luis Zabala, Isaac Oceja, Fernando Arteaga, Xabier Castillo, David de Paula, Fernando Elguea, Jose Luis Ereñaga eta, azkena, Jon Morcillo daude, “Cultu”-ko gazte mailako taldean nabarmendu zena.