
Goikoren orrorik ozenenak 40 urte bete ditu
Goikoren orrorik ozenenak 40 urte bete ditu
Lech Poznanen aurkako lehiaren aurretik, 18 partidetako zigorra jaso zuen
"Nire ibilbideko gaurik berezienetako bat da". Hala laburtzen du Andoni Goikoetxeak 1983ko irailaren 28an Lech Poznan taldearen aurka Europako Koparen baitan San Mamesen lehiatutako norgehiagoka. Zuri-gorriek Polonian pairatutako bi eta hutseko emaitza irauli behar zuten, zinez korapilatsua zen testuinguruan: Hiria, oraindik ere, urte hartako abuztuan pairatutako uholdeen efektuak sufritzen zituen, Dani kapitainak belauneko lesio larria pairatu zuen denboraldiaurrean eta, egun horretan bertan, Andoni Goikoetxeak 18 partidetako zigorra jaso zuen. Alonsotegikoaren inguruan zalaparta mediatiko handia sortu zen, aste batzuk lehenago Diego Armando Maradonari egindako sarrera baten ondorioz, argentinarrak orkatilako lesio sufritu zuelako.
Hala ere, taldea sutsuki babestu zuen San Mames batean, Athleticek kanporaketa gainditzea lortu zuen. Lehoiek garaipen argia lortu zuten (4-0) eta Andoni Goikoetxeak berak markagailua ireki zuen eta ondoren Miguel Sola, Txema Noriega zein Santi Urkiagaren golak heldu ziren. Lehiaren amaieran, taldekideek Alonsotegiko atzelaria besoetan hartu eta Katedralak haren abizena oihukatu zuen. Kanporaketa gainditzearen ondorioz jasotako ordainsaria, garai hartako 43000 euro, uholdeek kaltetutako lagunei eman zieten jokalariek. 1983-1984 denboraldia koru hirukoitza, La Liga, La Copa eta Supercopa irabazi zituen taldearen gau magikoetako bat izan zen. Goikoren orro ozenaren gaua.