Villalibre: “Joan den denboraldiarekin alderatuta, aurrerapausua eman dut”

Villalibre: “Joan den denboraldiarekin alderatuta, aurrerapausua eman dut”

Astebeteko etenaren ondoren, aurrelari zuri-gorriak indartsu ikusten du taldea, FC Bartzelonaren aurkako erronka handiari aurre egiteko gogoz: "Oso zaila izango da, baina sortzen ditugun gol aukerak aprobetxatzen baditugu, posible izango da"

Asier Villalibrek komunikabideen aurrean hitz egin du Athleticek Montjuicen FC Bartzelona bisitatu baino lehen: "Astebeteko geldialditik gatoz eta berriro lehiatzeko gogo handiarekin gaude. Badakigu zaila dela mundu mailako talde baten aurka jokatzea, baina LaLiga honetan agerian geratzen ari da partida bakoitza oso lehiatua dela. Gure aukerak izango ditugu".

Aurrelari zuri-gorriak badaki sortzen dituzten aukerak ondo aprobetxatu beharko dituztela: "Barçaren aurka kanpoan jokatuta zaila da aukera asko sortzea, beraz, zehatzak izan beharko gara ate aurrean. Denboraldi hasiera honetan erakutsi dugu horretarako gai garela".

Talden duen parte-hartzeari buruz galdetuta, Villalibrek esan du "aurrerapausoa" eman duela aurreko kirol-urtearekin alderatuta: "Oraintxe bertan badakit aulkitik dagokidala ekarpenak egitea, Guruzeta denboraldi hasiera bikaina egiten ari baita, hori ukaezina da, baina, egia esan, etengabe ari naiz parte hartzen, partidaz partida. Uste dut hori aurrerapausoa dela iazkoarekin alderatuta, ez bainuen ia presentziarik. Egunero entrenatzen dut aukera dudanean hobeto jokatzeko eta, ahal dela, minutu gehiago edukitzeko ".

Gernikarrari Yerayren lesioari buruz ere galdetu diote: "Berak beti transmititzen digu positibismoa, baina gogorra izan behar du lesio batetik irtetea eta ia jarraian beste batean erortzea. Orain oso garrantzitsua da etxean daukagunari begiratzen jarraitzea, hori baita gure etorkizuna. Athletic beti bizi izan da harrobiko jokalari gazteetatik".

Azkenik, Villalibre Iñigo Martinezekin berriz elkartzearen inguruan duen iritzia eskatu diote: "Ez nuke esango berriz elkartzea denik, askotan egoten baikara harremanetan berarekin. Nire kasuan, oso harreman ona dut berarekin eta asko hitz egiten dugu".