Iñigo San Millanek Errendimendu Handiko Arloa zuzenduko du Athleticen

Iñigo San Millanek Errendimendu Handiko Arloa zuzenduko du Athleticen

Guardiako fisiologoak, orain arte UAE txirrindulari taldean funtzio hori betetzen zuenak, tartean Tadej Pogačarrekin, Jon Larruskain izango du organigramako laguntzailea

Iñigo San Millan fisiologoa, kirol errendimenduari aplikatutako zientzian nazioarteko erreferentzia dena, Athletic Cluben izango da hemendik aurrera. Duela lau urtetik hona UAE Team Emirates txirrindularitza talde profesionalean Errendimenduko Zuzendaria izan da, azken denboraldian txirrindularitza talderik onena izendatua, Tadej Pogačar esloveniarra buru. Orain ardura hori izango du Lezaman sortu berri den sailean, eta Jon Larruskain izango du laguntzaile.

San Millan Guardiakoa da jatorriz, eta gaztaroaren zati handi bat Madrilen eman zuen. Bertan, Real Madrilen behe kategorietan sei denboraldi  eman zituen. 25 urte baino gehiagoko esperientzia du eliteko kirolariei eta klubei aholkuak ematen, eta garrantzi berezia hartu zuen Pogačar pertsonalki prestatu eta gainbegiratzeagatik. San Millan oso ezaguna da kirol-medikuntzan (Coloradoko Unibertsitatean lizentziaduna, Estatu Batuetan), fisiologian (EHUn doktorea), funtzio metabolikoan/nutrizioan eta kirol-errendimenduari buruzko datuen monitorizazio zientifikoan.

Alor horietan guztietan, ikerketa, argitalpen eta ezarpen-proiektu ugari egin ditu, eta horiek munduko abangoardian kokatzen dute kirolari aplikatutako ikerketa zientifikoan; besteak beste, kirol-errendimenduko lehen unibertsitate-programa sortu du Estatu Batuetan (Coloradoko Unibertsitatean), baita txirrindularitzako kirol-errendimenduko lehen sail integrala ere (UCI ProTeam Garmin-Slipstream taldean, 2009an). Halaber, hainbat proiektu berritzaile eta metodologia berri aplikatu ditu saskibaloiko (NBA) eta futbol amerikarreko (NFL) frankizien kanpo-aholkulari gisa, bai eta Europako futbol-klubetan zein edo AEBetako Batzorde Olinpikoan (USOC).

Azkenaldian, Athletic Cluben sartu arte, Iñigo San Millanek bateragarriak egin ditu Coloradoko Unibertsitateko Kirol Medikuntzako eta Giza Fisiologiako irakasle lanak eta UAEko Errendimendu Zuzendari gisa zuen ardura. UAEn egindako lanagatik, mundu mailan aintzatetsia izan da txirrindularien errendimendua optimizatzeko egin duen ekarpenagatik, batez ere lehiaketa ezberdinak prestatzeko atletaren monitorizazio eta ebaluazio metabolikorako lehen plataforma sortu zuelako. 

Bihartik aurrera Athletic Cluben izango duen eginkizun nagusia, Lezaman ezarri den Errendimendu Handiko Arloaren buru izatea da. Lan talde honen helburua futbolarien baldintzak eta kirol-errendimendua maximizatzea da, bai gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeetan, bai harrobiko jokalarien garapenean ere, entrenatzaileen eta hezitzaileen lan-esparrutik kanpo dagoen guztian eraginda, alegia.  

Zentzu horretan, Errendimendu Handiko Arloa dagoeneko elkarlanean jarduten duten bost area nagusik osatuko dute, Iñigo San Millanen gidaritzapean:

  • Athletic Cluben Zerbitzu Medikoak, Josean Lekuek zuzenduta.
  • Arlo Fisikoa eta Baldintzapekoa, Aitor Ugartek zuzendua eta, 2022ko uztailera arte, Metodologia Arloaren mende zegoena.
  • Jokalariaren Psikologia eta Arreta Integraleko Arloa, Eduardo Morello kirol-psikologoak gidatua.
  • Nutrizio arloa, Toscana Viarrek zuzenduta. 
  • Sports Science Arloa, 2022ko uztailean sortua, eta orain Imanol Martinek zuzenduko duena. Haren helburua berrikuntza zientifikoa eta teknologikoa kirol-errendimenduaren hobekuntzara eramatea da. 

Era berean, Jon Larruskain izango da, orain arte Sports Science Arloko arduraduna, Errendimendu Handiko Arloko zuzendariaren ondokoa. Hau da, Iñigo San Millanen euskarria Lezaman lurreratzeko orduan eta proiektua klubaren barruan ezartzerako orduan. 

Ahleticera iritsi aurretik zituen konpromisoak direla eta, San Millanek Coloradoko Unibertsitatean hasitako ikerketa-proiektuak eta irakasle legez zuzendutako ikasturtea bukatuko ditu Lezaman Errendimendu Zuzendari lanak egiten dituen bitartean. Maiatzetik aurrera, irakasle eta ikertzaile izateari utziko dio Estatu Batuetan. Halaber, orain arte UAEn egindako lanaren garrantziaren jakitun, Athletic Clubek eta txirrindularitza taldeak akordioa lortu dute Guardiakoak, bere posiziotik, Tadej Pogačaarren errendimendua monitorizatzen jarraitu ahal izateko, baita berarekin lan egiten duten beste txirrindulari batzuena ere.

Sail berri hau eraikiz, Athleticek beste urrats bat eman du kirol-eremua eraldatzeko eta modernizatzeko bidean, bere abangoardiarako anbizioari helduta, Klubaren epe luzerako arrakastan funtsezkotzat jotzen duena.