Unai Egiluzek debuta egin du Athletic Clubekin

Unai Egiluzek debuta egin du Athletic Clubekin

Durangoko erdiko atzelaria Ernesto Valverderen aginduetara denboraldi honetan debuta egin duen laugarren jokalaria izan da

Unai Egiluz Athleticekin partida ofizialean debuta egin duen 638. lehoia bihurtu da. Durangoko erdiko atzelaria hamaikakoan izan zen UE Rubiren aurkako partidan eta 71 minutu jokatu zituen, Dani Vivianek ordezkatu zuen arte. Ernesto Valverderen aginduetara denboraldi honetan debuta egin duen laugarren lehoikumea da, Imanolek, Unai Gomezek eta Pradosek LaLigan debuta egin ostean.

Atzelaria, Nolaskoainekin batera Rubiren aurka atzealdeko ardatza partekatu zuena, 2018an heldu zen Lezamara, gazte mailan. Nazio mailako Gazte taldean, Ohorezko Gazte Mailan eta CD Basconian ibili ondoren, bigarren denboraldia du orain Bilbao Athleticen.

Can Rosésen lehoi bihurtzeko unea iritsi zitzaion: "Txikitatik nuen ametsa bete dut. Oso harro nago egindako lanagatik, eta orain aukera gehiago bilatu behar ditut".