Adu Aresek 2027ra arte berritu du bere kontratua

Adu Aresek 2027ra arte berritu du bere kontratua

Hegaleko jokalariak hiru denboraldiz luzatu du Ibaiganerekin duen lotura

Athletic Clubek eta Adu Ares hegalekoak akordioa lortu dute bere kontratua hiru denboraldiz luzatzeko, 2027ko ekainaren 30era arte. 22 urteko aurrelariak 13 partida jokatu ditu lehoi gisa aurreko denboraldian RCD Mallorcaren aurka debuta egin zuenetik, eta bi gol sartu ditu, aurten Valverdek aulkitik zuzendutako taldeari kopako txapelketako Rubiren kontrako lehen kanporaketan aurrera egitea ahalbidetu ziotenak.

Adu Ares 2021/22 denboraldian iritsi zen Lezamara Santutxu FC taldetik CD Basconian jokatzeko, eta berehala erakutsi zuen bere maila. Denboraldi horretako bigarren zatian Bilbao Athleticera igo zen, eta filialean sartu dituen hamar goletatik sei lortu zituen orduan.

Zuzendaritza-Batzordeak ezarritako ildotik, Adu Aresen loturak helburuen araberako osagai aldakorra duen soldata-egitura du. Sinadura gaur goizean izan da San Mamesen, Jon Uriarte Athletic Clubeko presidentea eta Mikel Gonzalez Futboleko Zuzendari Nagusiarekin batera.

Adu Aresek prentsaurrekoa emango du gaur goizean Lezaman, 12:45ean.

Mikel Gonzalez Futboleko Zuzendari Nagusiaren hitzetan, Adu Ares "Athleticen ereduarekin bat egiten duen jokalaria da, bere bertikaltasunagatik, ausardiagatik eta buruz buruzkoagatik. Bere postuan barne-konpetentzia handia dagoen arren, taldean duen parte-hartzea eta garrantzia handituz joango direla uste dugu".

Gainera, Mikel Gonzalezek Bizkaiko oinarrizko futbolak bizi duen "osasun maila ona" goraipatu du: "Adu Santutxutik duela bi denboraldi iritsi izanak eta Basconian eta Bilbao Athleticen denboraldi baten ondoren lehen taldera azkar egokitzeak agerian uzten dute hitzartutako klubek ere jokalariak ekartzen dizkiotela Lezamara adin aurreratuetan".