"Ez gara eroso egon"
Valverdek ez dela "gure partidarik onena" izan aitortu du
Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzaileak agerraldia egin du Almeriara egindako bisitan lehoiek golik gabeko berdinketa lortu ostean, eta ez dutela ondo jokatu aitortu du: "Gu ez gara ondo egon eta haiek ez digute nahi genuen bezala jokatzen utzi. Ez da gure partidarik onena izan, baina aurrera jarraitu behar dugu. Neurketei erritmoa jarri behar diogu eta aurkariaren gainean jokatu. Ez gara eroso egon hasieratik. Behartu gabeko akats asko izan ditugu. Badakit sailkapenean alde handia dagoela puntuei dagokienez, baina gaur bakoitzak bere aukerak izan ditu irabazteko eta inork ez du lortu. Gauden lekuan egoteko, borroka handia egin behar da eta oso fin ibili. Oraindik liga asko geratzen da eta ikusiko dugu non egon gaitezkeen".
Azken ordu erdian jokalari bat gehiagorekin egon arren, talde zuri-gorria ez da balantza desorekatzeko gai izan eta Valverdek hori deitoratu egin du: "Norgehiagoka gure alde zegoen, baina ezin izan dugu irabazi. Berdinketa bidezkoa dela uste dut nahiz eta biok ez gaude pozik lortutakoarekin. Horrela suertatu da. Hamarrekin geratu direnean, oso ondo sartu dira atzean, eta espaziorik gabe zaila da. Hala ere, ez gara oso ondo aritu lerroen arteko jokaldietan. Ez dugu arintasunik izan, eta alboetako zentroak bakarrik geratzen zitzaizkigun".