"Partida gogorra da eta maila ematea espero dugu"

"Partida gogorra da eta maila ematea espero dugu"

Ernesto Valverde lasai dago Atletico Madrilen aurkako Kopako hitzordu handiaren aurrean, eta San Mamesek "asko bultzatzea" eta bere taldea "ezagutaraztea" espero du

"Asko bultzatuko gaituen San Mames bat espero dut. Final baterako sailkapena dugu jokoan. Denboraldi hasieran denok jokatu nahi genuen partida baten aurrean gaude". Ernesto Valverde lasai agertu da bihar Athleticek Atletico Madrilen aurka jokatu behar duen hitzordu handiaren aurretik. Kopako finalerdien itzulerarekin, emozioz beteriko neurketa, Athletic titulu baterako beste partida bat lortzeko aukeraren aurrean dago: "Garrantzitsuena gu zelaian tinko egotea eta gu geu izatea da. Ea lortzen dugun eta kanporaketa gainditu dezakegun. Partida gogorra da, emozio askorekin, eta hori ere kontrolatu behar da". 

Aurrean, aurkari "aparta", Atletico Madril. Joaneko partidan lortutako garaipenak abantaila txikia ematen dio Valverderen taldeari. Irabaztera joan beharko dute lehoiek: "Dena airean dago. Ez da alde handirik egon bien artean joaneko emaitzak baldintza dezan. Partida berri bat bezala jokatu behar da. Irabazten saiatuko gara, etxean, partidaren bila joango den talde baten aurrean zein zaila den jakinda".

San Mamesen eta Bilbon hitzordu nagusien giro berezia espero da, gorriz seinalaturiko eguna. Giro horrek jokalariei behar duten animoa emango die: "Pizgarria da jokalarientzat, ez dago zalantzarik. Harrera eta giro guztia, taldeari begira, asko motibatzen duen zerbait da, eta gu gauden posizioan bizi behar da, posizio pribilegiatu batean. Maila ematen saiatuko gara".