160 ontzik lagunduko dute Gabarra
Itsasadarrean segurtasuna bermatzeko ezarritako gehieneko kupo nautikoa bete da
Izena emateko epea amaituta, eta jasotako eskaera guztiak aztertu ondoren, 160 ontzik lagunduko dute ostegunean Gabarra, aurreikusitako gehieneko kupoa.
Ospakizun historiko honen segurtasuna eta antolamendua bermatzen duten erakundearen itsasontziekin batera (Gurutze Gorria, Suhiltzaileak, Itsas Salbamendua, Ertzaintza, Guardia Zibila, Udaltzaingoa eta Athletic Club), 110 ontzi partikular baino gehiagok eta 32 traineruk lagunduko dute Gabarra itsasadarrean zehar egingo duen bidaian.
Gabarra arratsaldeko 16:30ean abiatuko da Abrako Itsas Klubaren pantalanetik, eta 18:35ean iritsiko da Bilboko udaletxeko eskaileretara. Ibilbidean zehar Areeta/Portugalete (16:50), Lamiako/Labe Garaiak (17:10), Erandio/Sestao (17:30), Lutxana/Punta Zorrotza (17:45), Zorrotzaurre/Zorrotza (18:00), Deustu/ItsasMuseum (18:15), Campo Volantín/Uribitarte (18:30) eta Udaletxeko azken geltokia (18:35) zeharkatuko ditu. Nabarmentzekoa da, beraz, Zorrotzaurre uhartearen ondoko pasabidea Zorrotza aldetik izango dela.
Poza, baina buruarekin
Itsasadarrak, lurraldea egituratzen duen ardatzak, Abra eta hiria lotzen ditu, itsasadarraren bi aldeak lotzen ditu eta, Athleticek bezala, pertsona ezberdinak batzen ditu sentimendu komun baten inguruan.
Gabarra garaipenaren ikurra da eta Klubak dei egiten du, 40 urteren ondoren, familia athleticzaleak ospakizun historiko honetaz alaitasunez goza dezan. Zale zuri-gorrien portaera goraipatzekoa izatea espero dugu, Sevillan gertatu zen bezala eta aukera handietan izan ohi den bezala.
Klubak gogorarazten du itsasadarrean bainatzea erabat debekatuta dagoela, baita izena eman gabeko ontziak bertan egotea ere, piraguak, koltxonetak eta antzekoak barne. Era berean, jendetsua izango dela aurreikusten den ekitaldi baten aurrean buruz eta zentzuz ibiltzea eskatzen du.
1983ko eta 1984ko ospakizunek utzi zuten zapore goxoaz belaunaldi berriekin gozatzeko unea da!