"Hazten jarraitzeko ilusioa dugu"
David Aznar "pozik" agertu da kontratua berritu dutelako eta Garazi eta Yulema "aldagelan ondarea utzi duten bi jokalariren" lana goraipatu du
David Aznar Lezamako prentsa aretoan agerraldia eskaini du igandean, 18:30ean, Real Madriden aurka Alfredo Di Stefano zelaian jokatu aurretik. Liga F-ko goialdean dauden bi talderen arteko lehia izango da, bigarren eta seigarren sailkatuak hurrenez hurren. Teknikariak anbizio handia du erronkaren aurrean: "Taldeak gehiago nahi du, 6 puntu ditugu jokoan eta sailkapenean postuak igotzen jarraitu nahi dugu. Lehenik, Real Madriden aurkako norgehiagokan zentratu behar gara, eta, ondoren, San Mamesekoan. Bi neurketa zail dira, baina egin duguna baino bigarren itzuli hobea egiten jarraitu nahi dugu".
Hitzordu berezia Aznarrentzat, Alfredo Di Stefanoren instalazioetara itzuliko baita: "Partida polita da. Valdebebasera itzultzea berezia da niretzat. Oroitzapen asko ekarriko dizkidate, eta Liga F-ko bigarren postuan geratu den eta lehiakortasun maila oso ona erakutsi duen taldearen aurka jokatuko dugu. Azken puntutxo hori emango digu denboraldia itxi aurretik. Irteera zaila da, baina irabazteko eta sailkapenean hazten jarraitzeko anbizioarekin eta ilusioarekin egingo diogu aurre".
Ligako partidaz gain, David Aznarrek urtebetez kontratua berritu eta lehoien agindupean jarraitu ondoren sentitzen den bezala adierazteko hitzak izan ditu: "Norbera leku batean zoriontsu denean, geratu egin nahi du. Oso pozik nago hemen berritzeagatik. Oso urte polita izan da. Klubak eta biok oso azkar konektatu dugu, proiektuak modu esponentzialean aurrera egitea lortu dugu, eta ilusio handia dut nire aginduetara dauden jokalariekin. Une on asko bizi ahal izan ditut haiekin denboraldi honetan, eta hazten jarraitzeko ilusio hori dugu".
Taldearen hazkunde horretan, funtsezko bi jokalari izan dira Garazi Murua eta Yulema Corres, Athleticeko bi jokalari historiko, denboraldia amaitutakoan euren ibilbideari amaiera emango diotenak. David Aznarrek ez ditu ahaztu nahi izan: "Klubean historia handia duten bi jokalarik bere ibilbideari amaiera emango diote. Aldagelan eredu bikaina eman dute denboraldi honetan. Gozamena izan da gurekin edukitzea, ez dute zelaian parte hartu, baina lan garrantzitsua egin dute egunerokoan. Ondare handia utzi dute eta Athletic bezalako aldagela gazte baten lider izan dira. Faltan botako ditugu eta San Mamesen, merezi duten modura, agurrik onena eskaintzen saiatuko gara; izan ere, beren ibilbideak tankera horretako eszenatoki batean bukatzea merezi dute".

