Hasi da denboraldiaurrea emakumezkoen lehen taldearentzat

Hasi da denboraldiaurrea emakumezkoen lehen taldearentzat

David Aznarren taldeak bere lehen lan saioa osatu du zelaian Leire Bañosen fitxaketarekin, Itsaso Mirandaren promozioarekin eta Bibi internazionalaren hutsunearekin

Gaur goizean hasi da Athleticentzat denboraldiaurrea. Bi egunez IMQren eskutik azterketa fisikoak eta probak egin ostean, lehoiek 3. zelaiko belarra zapaldu dute eta ordu eta erdi inguru entrenatzen egon dira. Lehen saioa jarraitu duten athleticzaleen begiradapean, 2024/25eko ikasturte ilusionagarriari ekin diote Lezaman.

David Aznarrek talde gazte hau aulkitik zuzentzen jarraituko du eta Pedro Monzú izango du bigarren entrenatzaile, eta Manex Sagarna (filialean azken bi denboraldietan) lehen taldeko atezainak entrenatzera itzuliko da, 2015etik 2022ra egin bezala.

Jokalariei dagokienez Leire Baños da berritasun nagusia. Levante UDtik dator eta erdilariak 2027ko ekainera arte sinatu du kontratua.

Gainera,, Itsaso Miranda bigarren taldeko jokalariak promozioa egin eta lehen taldeko fitxa izango du eskuin hegala indartzeko. Alejandra Estefania eta Claudia Fernandez harrobiko futbolariek osatuko dute denboraldiaurrea. Halaber, Maitane Vilariño eta Silvia Perez CA Osasunatik etorritako jokalari berriak, aurrelaria eta atezaina hurrenez hurren, David Aznarren esanetara ere daude. Biak Athleticen bigarren taldera iritsi dira, baina urtean zehar lehen taldearekin lan saioetan parte hartuko dute.

Naroa Uriartek eta Paula Aranak, filialeko Amaia Iribarrenekin batera Granada CFn jokatuko dutela iragarri ostean, azpimarratzekoa da Bibi Schulze alemaniarra ez dela egongo datozen asteotan Parisko Olinpiar Jokoetan izango baita.

Bestalde, erizaindegiari dagokionez, Irene Oguiza, San Mamesen jokatutako iragan denboraldiko azken jardunaldian muskulatura iskiosuralean lesionatuta, sendatze faseko azken txanpan dago. Itxaso Uriartek sendagiria jaso du eta normaltasunez entrenatzen ari da eta Marta Unzuek bere prozesu luzearekin jarraitzen du. Ainize Barea "Peke" -k aldi baterako bajan jarraitzen du haurdunaldiagatik.

Datorren astean taldeak astelehenetik larunbatera entrenatuko du, eta hurrengoan izango du udako lehen lagunartekoa. Abuztuaren 3an, Athletic Clubek SD Eibarren aurka jokatuko du Tafallan (19:00etan) Mulier FCN hitzartutako klubaren hamargarren urteurrena dela eta.