“Irabazten duzunean beti zaude zoriontsuago”

“Irabazten duzunean beti zaude zoriontsuago”

Valverdek, pozik taldeak etxetik kanpo lortutako lehen garaipenaren ostean, aldaketak iragarri ditu esfortzuak kudeatzeko: “Ideia jakin bat izan behar dugu biharko partidari buruz eta, oro har, datozenen inguruan”

Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzaileak agerraldia egin du lehoiek bihar 19:00etatik aurrera Butarquen CD Leganesen aurka jokatuko duten partidaren atarian. Talde zuri-gorriak Las Palmas de Gran Canarian lortu berri du bere lehen garaipena etxetik kanpo: “Irabazten duzunean beti zaude zoriontsuago. Partida ezberdina izango da beste egunekoarekin alderatuta, jokalarien ezaugarriengatik, baina berdin egin behar zaio aurre. Igo berri den talde bat da, mailan bere lekua aurkitu nahi duena. Denboraldi hasiera ona egin zuten eta euren asmoa elkarrekin egotea da, ordenatuta, eta hortik aurrera hazten joatea. Zelaian izango den borrokara egokitu behar dugu. Ez dago distantziarik inoren artean hain partida gutxitan”.

Gainera, teknikariak iragarri du aldaketak egingo dituela esfortzuak kudeatzeko: “Ideia jakin bat izan behar dugu biharko partidari buruz eta, oro har, datozenen inguruan. Argi dago aldaketak egon daitezkeela taldea nola ikusten duzun eta arerioak nola hautematen zaituen kontuan hartuta. Neurketak hain jarraian datozenean, jokalari guztiak erabili behar dituzu”.