“Garaipenak asko indartzen gaitu”

“Garaipenak asko indartzen gaitu”

Valverdek “partida zail batean“ etxetik kanpo beste hiru puntu lortu izana ospatu du

Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzailea pozik agertu da lehoiek Butarquen CD Leganesen aurka 0-2 irabazi ostean: “Lehen lau partidetan ez dugu nahi genuena batu. Aste garrantzitsua zen guretzat. Ligan Las Palmas de Gran Canarian eta gaur hemen irabazi dugu, eta garaipenak asko indartzen gaitu eta beste txapelketari hobeto aurre egiteko balio digu. Hala ere, aldi berean, oraindik partida bat geratzen zaigu aste honetan Celtaren aurka, eta ondo bukatu nahi dugu. Inork ez du nahi irabazten behartuta egotea. Badakigu neurketa bakoitza borroka bat dela, apalak izan behar dugu, arerioak errespetatu eta denak berdinak garela pentsatu behar dugu. Batzuetan dena aldatzen da gaur bezalako errebote batengatik, gertatzen dena da hori bilatu egin behar duzula”.

Gainera, teknikari zuri-gorriak norgehiagoka oso gogorra izan dela adierazi du: “Inork ez dizu ezer oparituko. Partida zaila izan da, aurreikusten genuen bezala, eta une batzuetan jokoa korapilatsua izan da. Lehen zatian nagusi izan gara, baina ez ginen argi iristen ari. Jokoa mugitzen genuenean alboetatik sar gintezkeen, baina fintasun pixka bat falta izan zaigu une jakin batzuetan ondo definitu ahal izateko. Izan ere, haiek aukera bikoitza izan dute. Bigarrenean bultzatzen jarraitu dugu, argitasuna falta bazitzaigun ere. Golarekin hautsi da neurketa eta ordutik aurrera borrokatu egin behar izan dugu. Oso partida lehiatua izan da garaipena modu ezberdinetan bilatzen genuen bi taldeen artean”.