
“Berebiziko astea zen eta bederatzi puntu lortu ditugu"
“Berebiziko astea zen eta bederatzi puntu lortu ditugu"
Valverde pozik agertu da hirugarren garaipena jarraian lortzeagatik eta Europako txapelketaren hasierari "aurpegi onarekin" ekiteagatik
"Ez dut gogoratzen horrelako aste bat, non LaLigako hiru partida dituzun eta hirurak irabazten dituzun. Funtsezko astea zen. Las Palmasera estu samar iritsi ginen, irabazteko beharra genuen eta bederatzi puntu lortu ditugu azkenean. Europako txapelketaren hasierari aurpegi onarekin aurre egiten laguntzen digu horrek".
Valverde oso pozik agertu da San Mameseko prentsa aretoan Athleticek RC Celtari 3-1 irabazi ostean: "Porrotaren eta garaipenaren arteko aldea ez da hain handia horrelako liga estu batean. Guk xehetasun txikiak gure alde eror daitezen lan egiten dugu eta momentuz, funtzionatzen ari da", adierazi du teknikari zuri-gorriak.
Arratsaldeko golegileei buruz, Guruzeta eta Djalori buruz, Valverdek esan du: "Ona da beti aurrelariek gola egitea konfiantza irabazten dutelako, baina berdin zaigu nork sartzen duen gola hemen. Lehen mailako gol eta puntuek asko balio dute".