
Partida Aurrekoa: AS Roma-Athletic Club
Partida Aurrekoa: AS Roma-Athletic Club
Lehoiek Italiako hiriburuan hasiko dute bere ibilbidea Europa Liga berrian
Europa Leaguea hemen da. LaLigan denboraldiari modu bikainean ekin ondoren, Europako txapelketan emaitza onak lortzen hastea tokatzen da orain. Athleticen izenak Europan zehar bidaiatuko du gaurtik aurrera eta Erroma izango da lehen geltokia. Italiako hiriburua Europako futboleko bi talde historikoren arteko norgehiagoka handi baten lekuko izango da; As Roma eta Athletic Club. Berpizkundeko erreferente den hiria Tiber ibaiaren ertzean dago, eta monumentu historiko ugari ditu. Lehoien txapelketa kontinentaletara itzuleran garaipen bat zuzenean bizi nahi duten 2.600 athleticzale inguru izango dira.
Deialdia

Entrenatzaile zuri-gorriak 24 jokalari deitu ditu talde erromatarraren aurka jokatzeko Europa Ligako Faseko lehen jardunaldian. Unai Simon eta Yeray baja dira lesionatuta daudelako eta bigarren taldeko Padilla eta Gastesi atezainek osatzen dute zerrenda.
Partida aurreko adierazpenak
Errepasatu hemen Ernesto Valverdek eta Iñaki Williamsek AS Roma-Athletic Club partidaren atarian eskainitako prentsaurrekoa.
Aurkaria
1927an sortu zen Alba Audace, Fortitudo-Pro Roma eta Roman FC kluben fusiotik abiatuta. 30eko hamarkadan Liga eta Coppako azpitxapeldun izan ondoren, talde erromatarraren ligako lehen titulua II. Mundu Gerran zehar, 1942an, iritsi zen. Italiako Calcioko talde handietako bat da, eta, 1950/51 denboraldian izan ezik, bertako futboleko elitean jokatu du beti. 80ko hamarkadan bere urrezko garaia bizi izan zuen. 1983an Serie A-ko txapeldun izan zen, 1981, 1984 eta 1986an Coppa irabazi zuen, bi aldiz gehiago Ligako txapeldunorde eta 1984an Europako Kopako eta 1991n UEFAko finalista ere izan zen. Azken garaian, Jose Mourinho aulkian zela, Erromak UEFA Conference League irabazi zuen 2022an eta Europa Leagueko finalista izan zen 2023an, penaltietan Jose Luis Mendilibarren Sevilla FC taldearen aurka galduz.
'Giallorossi' taldeak Mario mendiaren magalean eta Tiber ibaiaren ertzean dagoen Erromako Olinpikoan jokatzen ditu bere partidak. 70.634 ikuslerentzako lekua du eta Foro Italikoaren ondoan dago. 1953az geroztik, AS Romak eta bere aurkari handia den SS Laziok erabiltzen dute. 1960ko Joko Olimpikoen, Eurokopa ezberdinen (1968 eta 1980) eta 1990eko Munduko Txapelketaren egoitza izan den esparru historikoa da, baita 1977, 1984, 1996 eta 2009ko Europako Koparen finalena ere.
Roma, hiri eternala
Liga Fasearen hasiera honetan Athleticek egingo duen geltokia Italiako Erroma hiriburua izango da. Hirian 2.860.000 biztanle baino gehiago eta metropoli-eremuan 4.300.000 biztanle baino gehiago ditu. Munduko hiririk bisitatuenetako bat da, eta Errenazimentuaren hazitzat jotzen da. Hiriaren sorrerako mitoak Romulo eta Remo ditu protagonista, eta lehena izan zen Erromako sortzaile eta lehen erregea.
Atzean historia handia duen hiria da, eta bisitatzeko pizgarri asko ditu. Koliseoaren monumentua, Treviko Fontana, Foro Erromatarra, Caracallako Termak, hiriko katakonbak, Vatikanoko San Pedro plaza edo hiri santuaren museoa dira horren adibide.
Jakin beharrekoak
- Aurrekariak:
Athletic Clubek eta AS Romak ez dute inoiz elkarren aurka lehiatu neurketa ofizialean, baina lau lagunarteko jokatu dituzte, balantze orekatuarekin. 1963ko abuztuaren 28an talde zuri-gorriak 2-1 galdu zuen Erromako Olinpikoan. Geroago, 1998ko abuztuaren 19an, erromatarrek San Mames bisitatu zuten. Athleticek mendeurrena ospatzeko diseinatutako lehoiaren kamiseta berezia jantzi zuen eta azkenean 1-0 irabazi zuen Ezquerroren golarekin. Bi taldeen arteko azken bi norgehiagokak berdinketan amaitu ziren; 1-1 2002an Katedralean jokatutako lagunartekoan, Julen Guerreroren eta Batistutaren golekin, eta 2-2 2019/20ko denboraldiaurrean Perugian.
- AS Romako entrenatzailea:
Daniele De Rossik bere bizitzako kluba zuzentzen hasi zuen denboraldia, baina denboraldi hasieran emaitza kaxkarrak erdietsi ondoren, AS Romak kanporatzea erabaki zuen. Bere lekua Ivan Juric Kroaziako tekikariak bete du, aurretik Crotone, Genova, Hellas Verona eta Torino talde italiarrak zuzendu dituena. Entrenatzaile berri gisa jokatu zuen partida bakarrean, AS Romak 3-0 irabazi zion Udineseri.
- Jokalari aipagarriak:
AS Romak Europako futbolean ospetsuak diren jokalariak ditu. Aurrealdean Paulo Dybala, Artem Dobvyk eta Stephan El Shaarawy nabarmentzen dira. Lorenzo Pellegrini kapitainak, Leandro Paredesekin batera, talde erromatarrari eusten dio zelai erdian, eta Cristante, Mancini, Hummels edo N 'Dicka bezalako futbolariek aurkarien erasoak gelditzen dituzte. Atean, berriz, Svilar atezain serbiarra nabarmentzen da.
- One Club Men:
Gaur egun, AS Romak bi One Club Man ditu bere historian. Francesco Totti, '10 zenbakidun 'handiak 618 partida jokatu zituen eta Serie A bat, bi Coppa eta beste bi Superkopa irabazi zituen. Giacomo Losik, bi Coppa altxatutakoak, bere ibilbide profesional osoa 'Giallorossi' taldean egitea ere bete zuen.
Ordutegiak eta non ikusi AS Roma-Athletic Club partida
AS Roma eta Athletic Cluben arteko Europa Leagueko Liga Faseko lehen partida irailaren 26an jokatuko da, ostegunean, 21:00etan, Erromako Olinpikoan.
Movstar + Liga de Campeones katearen bidez jarraitu ahal izango da. Munduko beste edozein tokitatik ikusten baduzu, hemen duzu norgehiagoka eskaintzen duten telebista operadoreen zerrenda luzea.