
Valverde: "Jendea gurekin egongo da"
Valverde: "Jendea gurekin egongo da"
Mikel Vesgak eta Ernesto Valverdek komunikabideen galderak erantzun dituzte Lezaman, 2024/25 Europa Leaguean etxeko gisa lehen partida jokatu aurretik
Mikel Vesga Athletic Clubeko erdilariak eta Ernesto Valverde entrenatzaileak lehoiek Europa Leagueko Liga Faseko bigarren jardunaldian San Mamesen AZ Alkmaarren aurka jokatuko duten partidaren atarian komunikabiden galderak erantzun dituzte. Talde zuri-gorriak 1-1 berdindu zuen Stadio Olimpico di Roma zelaian iragan ostegunean egin zuen debutean eta sei urte geroago Europako txapelketa bateko norgehiagoka jokatuko du etxean.
"Niri azkar pasatu zaizkit, baina, egia esan, lehiaketa hau berriro San Mamesera ekartzeko gogoa genuen. Haren falta sumatzen zen. Kostatu zaigu eta azkenean merezita lortu dugu itzultzea. Ilusio handia dugu. Aurreko denboraldiaren amaieratik nabaritzen dugu jendea motibatzen duela Europak, eta noski gu ere bai. Bihar jai handi bat biziko da Bilbon eta pozik gaude gozatu ahal izango dugulako", esan du Vesgak.
Gainera, erdilariak Herbeheretako taldea aztertu du: "Oso talde gaztea da, ausarta, baloia atzetik ondo ateratzen duena eta espaziora ondo doana. Guk presio handia egin behar dugu, beti bezala, bizi-bizi egonda. Gure bertsiorik onena aurkitzen badugu, uste dut gauzak oso zail jarriko dizkiegula. Gure helburua txapelketan aurrera egitea da. Horretarako, ondo egon behar dugu, bihar hiru puntuak lortzen hasita. Bide onetik goaz".
Valverdek ere Katedralera Europako itzulera bizitzeko gogoa du: "Giro ona espero dut San Mamesen. Denbora asko daramagu Europako partidu batez gozatzeko zain eta jendea gurekin egongo da. Espero dugu haiek konpentsatzea eta gozaraztea".
Neurketari dagokionez, teknikari zuri-gorriak badaki arerio zail baten aurka neurtuko dituztela indarrak: "Ikusi ditugun partiden mailan egotea espero dut. Talde ona da, dinamismo handikoa eta espiritu erasokorrekoa. Hortik dator ligako bere sailkapena eta Europa Ligan hiru puntu lortu izana. Gure jokoa inposatzen saiatu behar dugu, beraiek eurena inposatzen saiatuko diren modu berean. Neurri batean antza pixka bat dugun taldeak gara. Goiko aldean presioa egiten eta espazioa dugunean korrika egiten saiatzen gara biok".
Azkenik, txapelketako hitzordu bakoitzean zentratu behar direla azpimarratu du, lekua edo aurkaria kontuan hartu gabe: "Uste dut sailkatu nahi badugu partidetan oker ez ibiltzea dela gakoa, hainbeste ez daudelako. Lehiaketa laburra izanik, garrantzitsua da neurketa bakoitza ondo bideratzea eta puntu guztiei garrantzia ematea".