Partida Aurrekoa: Athletic Club-AZ Alkmaar

Partida Aurrekoa: Athletic Club-AZ Alkmaar

Herbehereetako iparraldeko taldea izango da Athleticen San Mamesen Europa Leagueko edizio berri honetan jasoko duen lehen aurkaria

Erroman lortutako berdinketaren ondoren, Katedrala galaz janzteko ordua heldu da Europa Ligako Faseko bigarren jardunaldia jasotzeko. Athletic Clubek, Europako lehen garaipenaren bila, AZ Alkmaar hartuko du, talde ezaguna eta txapelketa honetan bertan aurrez aurre izan dena. Arerio zaila izango da, talentu gazte handia duena eta tankera honetako nazioarteko norgehiagoketan esperientzia duena. Garaipenaren bitartez, Valverderen taldea etxean ahalik eta puntu gehien batzen eta sailkapenean indarra hartzen saiatuko da.


Partidaren atariko adierazpenak

Errepasatu hemen Ernesto Valverdek eta Mikel Vesgak Athletic Club-AZ Alkmaar neurketaren aurretik eginiko agerraldia. 


Aurkaria

1957an sortua, AZ Alkmaarrek 19.500 ikuslerentzako edukia duen AFAS Stadionen jokatzen ditu etxeko partidak. 'De Kaasboeren', gazta egiten duten baserritarrei erreferentzia egiten dien taldearen ezizena, Ajax eta PSVrekin batera, Herbehereetako Eredivisieko talderik nabarmenetakoa da. Orain arte, Ipar Itsasoko Holandako taldea 2 aldiz atera da Ligako txapeldun, eta 4 Kopa eta Superkopa bat ditu beren beira-arasan. Gainera, 1981ean UEFA Kopako finala galdu zuen Ipswich Townen aurka eta 2022/23 denboraldian bere jubenil taldea UEFA Youth Leagueko txapeldun bilakatu zen.

Talde nederlandarra Europa Leaguera sailkatu zen iragan denboraldian Eredivisieko 4. postuan geratu ondoren. Nazioarteko mailan kontrastatutako taldea da; hain zuzen ere, jarraian Europako lehiaketa jokatzen duen 10. urtea izango da eta Europako harrobi emankorrenetako bat du. Historian zehar Teun Koopmeiners (bere anaia AZ Alkmaar taldean dago), Joris Mathijsen, Wout Weghorst, Demy De Zeeuw edo Vincent Janssen (Athletic Cluben aurka jokatu zuena) bezalako jokalariak irten dira bertatik. Hori gutxi ez eta Louis Van Gaal, Ronald Koeman, Dick Advocaat, Marco Van Basten eta Arne Slot bezalako entrenatzaileek zuzendu dute taldea.

Gaur egun, liga txapelketa hasiera bikain baten ondoren, 16 punturekin sailkapeneko hirugarren postuan dago kokatuta, bigarren sailkatuarekin berdinduta. Eredivisieko bigarren sailkatua den Utrechten aurka galdu eta gero iritsiko da San Mamesera.

 

Estatistikak

Athletic Clubek eta AZ Aalkmaarrek bi aldiz jokatu dute elkarren aurka partida ofizialean. 2015/16 denboraldiko Europa Ligan izan zen, eta bilbotarrek San Mamesen 2-2 berdindu eta 2-1 galdu zuten AFAS Stadionen. Emaitzak emaitza, denboraldi hartan Athletic Europa Leagueko hurrengo fasera multzoko lehen postuan igaro zen, eta talde nederlandarrak azkena sailkatu eta kanporatua izan zen.

Hala ere, bi taldeek beste bi lagunarteko partida jokatu dituzte. 1989/90 denboraldian, Athletic Clubek 3-0 irabazi zuen Mambourgen eta 2003/04 denboraldian Az Alkmaar 2-1 nagusitu zen.

Kontsulta itzazu Athletic Cluben eta AZ Alkmaarren arteko partiden estatistikak.
 

Datu interesgarriak
 

  • AZ Alkmaarren entrenatzailea: Gaur egun, Maarten Martens 40 urteko belgikarrak zuzentzen du herbehereetako. Klubeko jokalari ohia izan zen 2006-2013 urteen artean, eta iaz lehen entrenatzaile kargua hartu zuen denboraldia Pascal Jensenen laguntzaile gisa hasi ondoren. Urtarrilean izendatu zuten taldeko lehen teknikaria eta ekainean berretsi zuten.
     
  • Jokalari azpimarragarriak: AZ Alkmaarreko egungo taldea talentu handiko jokalari gazteek, hala nola, Goes, Koopmeiners, Van Bommel, Meijners, Van Brederode eta Poku, eta nazioarteko mailako hainbat jokalari kontrastatuk osatzen dute. Maykumak (Japonia), Troy Parrottek (Irlanda), Moller Wolfek (Norvegia) eta Lahdok (Suedia) nazioarteko partidak jokatuko dituzte euren selekzioekin, eta Jordy Clasie, Bruno Martins Indi, Jerome Zoet eta Riechdly Bazoer beteranoek taldea orekatzen dute.
     
  • Bitxikeriak: AZ Alkmaar taldearen egungo plantilan futbolaren jarraitzaile jakintsuenek gogoratuko dituzten hainbat futbolista-sagaren jarraipena aurkitu dezakegu. Bruno Van Bommel Mark Van Bommel, besteak beste, PSV, FC Bartzelona eta Bayern Munich taldeetako jokalari ohiaren semea da. Sem Westverld atezaina Sander Westervelden semea da. Jokalari hau Euskal Herrian jaio zen bere aita Realean kirol ibilbidea egiten ari zenean. Lewis Schouten 80ko hamarkadan AZ Alkmaar taldeko jokalaria izan zen Ronald Schoutenen semea da, eta Peer Koopmeiners Teun Koopmeiners Juventuseko jokalariaren anaia.

 

Ordutegiak eta Athletic Club-AZ Alkmaar neurketa non ikusi

Europa Leagueko Liga Faseko bigarren partidari dagokion Athletic Club-AZ Alkmaar neurketa ostegun honetan, urriaren 3an, 21:00etan, San Mamesen jokatuko da.

Movstar + Txapeldunen Ligaren bidez jarraitu ahal izango da. Munduko beste edozein tokitatik ikusi nahi baduzu, hemen duzu Europa Leagueko Athletic Club-AZ Alkmaar partida eskaintzen duten telebista operadoreen zerrenda luzea.