
"Gure asmoa goazen bidetik jarraitzea da"
"Gure asmoa goazen bidetik jarraitzea da"
Valverdek, nazioarteko konpromisoengatik geldialdiaren aurretik, Gironan beste emaitza positibo bat lortzea espero du
Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzaileak agerraldia egin du lehoiek bihar 14:00etatik aurrera Montilivin Girona FC taldearen aurka jokatuko duten partidaren atarian. Zuri-gorriek 2-0 irabazi zioten AZ Alkmaarri Europa Leagueko bere bigarren konpromisoan joan den ostegunean eta inertzia positiboan daude: "Oso goiz datorren partida da eta ea nola egiten diogun aurre. Gure asmoa goazen bidetik jarraitzea da. Badakigu aurkaria maila handikoa dela. Guztion ideia da pixkanaka agerian uztea egiten duzun jokoa. Argi dago talde bakoitzak bere estiloa duela eta gero estilo hori baliatu behar duzu emaitzak lortzeko. Batzuk modu batera lortzen dira eta beste batzuk beste batera. Denboraldiaren hasieran era guztietako neurketak izan ditugu, baina ondo ikusten dut taldea. Hiru garaipen erdietsi genituen astea oso baliagarria izan zaigu finkatzeko. Orain proba gogorra dugu eta horretan jarraitu nahi dugu. Europaren itzulera San Mamesera oso modu argian bideratzetik gatoz, eta orain berriro ligan zentratu behar gara. Hori da zailena hain denbora laburrean. Jokatzen duenak jokatzen duela, gure nortasuna mantentzen saiatzen gara".
Gainera, teknikariak talde katalana aztertu du: "Aurreko urteko ideia berarekin jokatzen ari da. Estilo erasokorra, jokoa ateratzen saiatuz eta gero goian estutuz oldarkorrak izanez. Egia da jokalari garrantzitsuak galdu dituela, pixka bat moldatu behar diren beste batzuk etorri direla eta, aldi berean, oso gogorra den lehiaketa bat gehiago duela. Denoi gertatzen zaigu. Denboraldi bakoitza ezberdina da, jokalari ezberdinekin, eta nahi dugunera egokitu behar da dena. Girona talde ezaguna da, aldaketak gorabehera. Bide onetik doala uste dut. Gehiago edo gutxiago asmatu dezake, baina pasa den denboraldia aparta izan zen eta oso zaila da errepikatzea. Hori ez da arazoa, nahiago nuke denok izango bagenu hori. Gozatu egin zutela uste dut, eta orain ere bai, Txapeldunen Liga bezain txapelketa polita jokatuz. Michelek nortasun bat ere eman die jokoari dagokionez".
Erlazionatutako partidak
Girona FC - Athletic Club

