2025eko Kuota Berrien Proposamenari buruzko balorazioak

2025eko Kuota Berrien Proposamenari buruzko balorazioak

Etorkizuneko proposamen horrek egungo egituraren desorekak zuzentzen ditu, eta ez du inolako gehikuntzarik ekarriko eserlekua mantentzen duten egungo bazkideentzat

Guillermo Ruiz-Longarte diruzainaren bideoaren jarraipena eginez, non hurrengo Ohiko Batzar Nagusiko lehen puntuak azaltzen zituen, Gorka Cubes Athletic Clubeko Zuzendaritza-Batzordeko kideak bideo berri baten bidez Gai-zerrendako 5. puntuaren xehetasunak azaltzen ditu: 2025erako kuota arruntak onartzeko proposamena, Athletic Clubeko bazkideei aplikatzen zaien deskontuarekin.

Cubes batzordekideak bideoaren hasieran adierazi duenez, “gure kuoten egiturak dituen desoreka batzuk zuzentzen dituen proposamena da, epe laburrean diru-sarrera gehiago lortzea bilatu gabe eta gure egungo bazkideek ordaintzen duten urteko kuota handitu gabe. Antzeko eserlekuen arteko desberdintasunak konpontzen dituen proposamena da, eta blokeen eta ilaren arteko jauziak modu bidezkoagoan mailakatzen ditu. Azken finean, etorkizuneko proposamena da, pixkanaka-pixkanaka doitzen joango dena eta datozen urteetarako guztiok behar dugun Athleticen oinarria izango dena”.

Ondoren, Gorka Cubesek proposamenaren nondik norakoak azaldu ditu, zergatia, nola eta norentzat den.
Honela adierazi du zer den: “Bidezkotzat jotzen dugun zerbait egin nahi dugu, eta, beraz, ulertzeko oso erraza da: bazkide bakoitzak bere eserlekuaren araberako kuota ordaintzea”.

Zergatiaren inguruan, “orain datu gehiago ditugu eta kuota batzuen tarifetan desoreka dagoela erakusten dute”, argitu du. Eta bi adibide esanguratsu jarri ditu Harmaila Nagusiari eta Ekialdeko Harmailari buruz, eta Hegoaldeko Behe Harmailako ilara arteko desberdintasun handiei buruz.

“Funtsean, hori da zuzendu nahi duguna, modu proportzionalean eta epe luzera, desbideratze esanguratsuak dituzten estadioko blokeetan, eta egungo bazkideen kuoten egiturari eragin gabe”, azpimarratu du.

Bere eserlekua mantentzen duten egungo bazkideei eragin gabe egitea proposatzeko moduari dagokionez, “gauza bera ordainduko dute, dagokien estatuto-eguneratzearekin”.

Azkenik, Gorka Cubesek kuota berriak aplikatuko zaizkien bi kolektibo nagusiak argitu ditu: “Hemendik aurrera eserleku bat lortzen duten pertsona guztiei, kuota berriak ezagutuz egingo baitute. Hau da: bazkide berriei eta eserleku aldaketei”.

Bideoaren ondorio gisa, Cubesek laburbildu du “neurri horrek ez dakarrela Klubaren epe laburreko diru-sarrerak handitzea, baina epe ertain-luzera badakarrela kuota arruntak berregituratzea, proposatutako helburua lortuz. Azken batean, etorkizunerako nahi dugun Athletic iraunkorra eta lehiakorra”.